Atzo goizean Oihaneder Euskararen Etxea izan zen aurkezpen ofizialaren eszenatokia, eta koordinazio lanetan ari diren eragileek honetan parte har-tzera animatu zuten aho batez. Gasteizen egindako agerraldian Euskaraldiaren koordinazioan ari diren eragileekin batera agertu ziren, hain zuzen, zenbait erakundetako ordezkariak; Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzailea, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidentea, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako Kontseilaria, Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta Eudeleko presidentea eta Ramiro González Arabako ahaldun nagusia, besteak beste.

Amonarrizek gogoratu zuen bere hitzaldian "euskararen aldeko jauzia egiteko garaia dela; herritarrek, erakundeek, aisialdian eta arlo sozioekonomikoan ari diren eragileek, denok dugu jauzi hori emateko zeregina eta ardura. Hauxe da momentua. Eta guk ez badugu egiten, ez du beste inork egingo".

Aurten, azken finean, helburua aurreko edizioko berdina da; euskararen erabilera sustatzea eta hizkun-tza ohiturak ahal den heinean, alda-tzea. Horren harira gainera, Euskaraldiko koordinatzailea den Arrate Illarok adierazi zuen "lehen edizioan parte hartu zuten kideak berriz Euskaraldian aritzea" nahi dutela, baina baita kide berriak ere: "Bakoitzak nahi eta ahal duen jokabidea hartuta egin daiteke ariketa".

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburua den Bingen Zupiriak ere hartu zuen hitza, eta aurreratu zuen une honetan, bereziki, munduak bizi duen egoera honetan, "ilusioa" behar dugula: "Heldulekuak behar ditugu. Estimulu berriak behar ditugu. Eta uste dut Euskaraldiak hori ekar diezagukela".

Aurtengoan izena emateko hiru bide egongo direla ere azaldu zuten: euskaraldia.eus webgunea, batetik; herriz-herri antolatuta dauden batzordeen bidez, bestetik; eta datorren astetik aurrera eskuragarri egongo den telefono aplikazioa azkenik.

Bertan, belarriprest edo ahobizi rolen artean bat hautatu behar da. Belarriprest beraiei euskaraz hitz egiteko eskatzen dutenak dira, euskara ulertzen dutelako eta beraiekin euskaraz aritzea nahi dutelako. Rol honi aurten garrantzi berezia eman nahi diote, eta Urtaranek euskararen erabilera zabaltzen jokatzen duten papera azpimarratu zuen. Ahobiziak, berriz, euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo dutenak dira.

16 urtetik gorakoek eman dezakete izena -iazko parte-har-tzaileen profila "oso anitza" izan zela nabarmendu zuten-, helduen hizkuntza ohitura eta portaeretan eragitea baitu helburu ekimenak. "Euskara uler-tzeko gaitasuna gutxienez izan behar dute partaideek, baina hortik aurrera, bakoitzak erabakiko du zein rol den berarentzat egokiena".

Pandemiak ziur aski eragina izango du Euskaraldiaren ospakizunetan ere. Horren adibide da, hain zuzen, konfinamenduan ospatutako Etxealditik Euskaraldira ekimena, euskararen erabileraren inguruko hausnarketa bat egitera gonbidatzen zuena. Euskaraldia, duela bi urte modura, euskararen erabilerari bultzada emateko ariketa praktiko eta motibagarria izatea dute helburu antolatzaileek, pandemiak eragindako egoerari ere aurre egiteko era horretan.

"Azken hilabeteetako lanak pandemiak baldintzatuta egin dira herriz-herri antolatuta dauden batzordeetan, eta horrek ere eragingo du", aurreratu zuten. Hala ere, lehenengo edizioan Euskaraldira batu zen herri kopurua gainditu dela nabarmendu zuten antolatzaileek, oraingoan 412 herrik eman baitute izena, eta aurreko edizioan 405ek.

Azkenik, eta familia argazkia egin baino lehen, aipatu zuten "era askotako elkarlanerako gune izan dela aurten ere Euskaraldia, eta gizarte eragile eta erakunde publikoen artean sortutako eta bultzatutako ekimenera enpresak eta bestelako entitate pribatuak gehitu direla".

Bideoklip berria. Euskaraldiaren bigarren edizioa aurkezteko ekitaldi ofiziala atzo goizean Gasteizen egin bazuten ere, arratsaldean beste ekitaldi bat egin zuten Bergarako Seminarioan Euskaraldian izena emateko epea zabaldu dela ospatzeko. Ekitaldi horretan bertan aurkeztu zuten, beste gauza ba-tzuen artean, azaroaren 20tik abenduaren 4ra ospatuko den bigarren edizioko bideoklipa. Erakundeetako ordezkariek, herrietako batzordeek eta enpresetako ordezkariek parte hartu zuten Bergarako ekitaldian eta antolatzaileek Euskaraldiak izango dituen ezaugarriak aurkeztu zituzten. Horrez gain, orain arteko datuen berri ere eman zuten -dagoeneko izena eman duten herri eta entitateak zeintzuk diren azaldu zuten- eta ekitaldia hainbat komunikabideren bidez jarraitzeko aukera egon zen.