- Eustatek (Euskal Estatistika Erakundea) atzo plazaratutako txostenaren arabera, abuztuko datuak uztailekoak baino hobeak izan dira, uztailean gaualdien jaitsiera %42koa izan baitzen Gipuzkoan. Hala ere, Gipuzkoako hoteletako gaualdiak %30,9 jaitsi ziren abuztuan aurreko urteko hilabete bereko datuekin alderatuz.

Orokorrean, euskal hoteletako gaualdiak %43,1 gutxitu dira abuztuan, iazko abuztuko datuekin alderatuta. Baina uztaileko datuei erreparatuz gero, abuztua hobea izan dela antzematen da, uztailean jaitsiera %50,8koa izan baitzen. Gainera, EAEko hiru lurraldetan errepikatu da joera hori: Bizkaian urtetik urterako jaitsiera %53koa izan da abuztuan (%59,2 uztailean); Araban %45,7koa (%51,3 uztailean) eta hasieran aipatu bezala, %30,9koa Gipuzkoan (%42 uztailean).

Turisten sarrerak ere gutxitu egin ziren abuztuan, eta jaitsierarik txikiena, Gipuzkoan: %21,9koa. Uztaileko datuekin alderatuz, ordea, abuztuan bisitari gehiago etorri direla nabarmentzen da, uztaileko galera %29,3koa izan baitzen gure lurraldean.

Abuztuan hoteleko jarduerarik izan duten establezimenduek, pandemiaren hasieran, martxoan zuten maila berreskuratu dute, nahiz eta maila hori 2019ko abuztukoa baino apalagoa izan. Zehazki, 532 hotel-establezimendu egon ziren zabalik egunen batean abuztuan zehar; eta uztailean, berriz, 510. Hala ere, iazko abuztuan 581 baziren zabalik.

Batez ere Estatutik etorritako turistek bisitatu dute EAE abuztuan, eta batez beste 2,05 egun pasa dituzte gure artean. Okupazio-mailarik onena ere Gipuzkoak lortu du, %60koa izan baita (%22,9ko jaitsiera aurreko urteko datuekin alderatuz). Bizkaian okupazio-maila %41,6koa izan da eta Araban %46,8koa.

Gainera, hoteletako batez besteko tarifarik altuenak ere Gipuzkoan ordaindu behar izan dituzte turistek (116,1 eurokoa izan da batez bestekoa gurean; 68,9 eurokoa Araban eta 70,6 eurokoa Bizkaian).

Donostiako turismoa ere apur bat suspertu da aurreko hilabetearekin alderatuta. Eustatek emandako datuen arabera, Donostian pasatako gauak %27,6 gutxiago izan dira aurreko urtearekin alderatuta (beherakada %39,7koa izan zen uztailean) eta sarreren kopurua %17,1 (beherakada %23,6koa izan zen uztailean).

Hotelen okupazio-mailari dagokionez, Donostian %63,6koa izan da (uztailean %53,3koa izan zen); beraz, joan den urtearekin alderatuta, jaitsiera %25,7koa izan da -hiru hiriburuetako jaitsierarik txikiena Donostiak izan du-.

Datu hauei erreparatuta, Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak aipatu du Gipuzkoa "onik atera dela" abuztuan, bidaiarien eta gaualdien indizeei dagokionean. Datu horiek "erlatiboki positiboak" zirela adierazi zuen atzo, eta baita ere, hoteletako okupazio-maila "uste baino hobea" izan dela.

Nahiz eta datuak beste urte batzuetakoetatik "urrun" egon, pandemiari hobekien eutsi dion lurraldea Gipuzkoa izan dela azpimarratu zuen Lasak, abuzturako aurreikuspenak "hain onak" ez zirela aitortuz.