GASTEIZ. Atzoko egunean, hilak 3, astelehena, 'Aurten ez' izeneko kanpaina aurkeztu egin zen Gasteizen. Bertan, kanpainako protagonistek herritarrei eskatu egin diete aurten ospakizunik ez egitea eta indar guztiak hurrengo urterako gordetzea. Hori da kanpainaren helburua.

Andre Maria Zuriaren plazako landarezko eskulturan egin da ekitaldia, zeinean hauek hartu baitute parte: Gorka Urtaran alkatea, Estibaliz Canto Kultura zinegotzia, Jon Urresti Vital Fundazioko presidentea, Lorena Garro medikua, Joel Andujar erizaina, Luis Tamayo Andre Maria Zuriaren Kofradiako kidea, Edurne-Neska txiki (Maite Salazar) eta Zeledon (Gorka Ortiz de Urbina). Datozen egunetan segurtasun neurriak zorrozteko eskatu dute denek.

Medikuak azpimarratu duenez, "denok behar dugu elkar, horregatik da oso garrantzitsua maskara erabiltzea, eskuak maiz garbitzea eta distantzia soziala mantentzea". Erizainak, bestetik, hau adierazi du: "jaiak ospatzen ditugunean eredu garen bezala, aurten ere hala izan behar dugu segurtasun neurriak betetzean, birusa ez zabaltzeko. Ezin ditugu biktimak ahaztu, ospitaleetan bizi izan dena eta etxean itxita egon garen denbora".

Kofradiako ordezkariak adierazi duenez, herritar guztiek sentitzen dute jaiak ezin ospatzea, baina "aurten horrela da, ezin dugulako arriskurik hartu. Arduratsuak izan behar dugu eta geure burua zaindu, besteak zaindu ahal izateko".

Edurne-Neska txikik azpimarratu du aurten "beste modu batera ospatu" behar direla jaiak, "bihotzean eta etxean". Hala ere, jendea triste ez egoteko eskatu du, eta datorren urtean gogo handiagoz ospatzeko deia egin du. Zeledonen hitzetan, "urtero eskatzen diet laguntza gasteiztarrei hilaren 4an arratsaldeko 6etan plaza zeharkatzeko, eta aurten besteengan pentsatzeko eskatzen dut, geure buruarengan baino gehiago. Oso garrantzitsua da datorren urtean festetan inork huts ez egitea, eta horretarako aurten zaindu behar dugu".

Alkateak kontzientziazioaren garrantzia azpimarratu du, eta Vital Fundazioko presidenteak, berriz, pertsona bakoitzaren esku dagoela mezu horren arrakasta. "Gure ardura da, eta datorren urteko jaietarako 366 egun baino ez direla geratzen pentsatu behar dugu", gaineratu du.

Gaur goizean, halaber, "Aurten ez-Este año no toca" leloa duen pankarta bat jarri dute San Migeleko balkoian. Abuztuaren 10era arte egongo da jarrita, Andre Maria Zuriaren plazatik pasatzen diren guztientzat oroigarri gisa.