- Gipuzkoako eta Bizkaiko zaindaria den San Inazioren omenezko ospakizunean parte hartu zuen atzo Loiolako santutegian Urkullu lehendakariak. Ekitaldia erabat baldintzatu zuen COVID-19ak: festarik ez, urruntze soziala, gel hidroalkoholikoa eta maskarak nagusi. Urtero Azpeitiko Udaletxeko plazan egiten den agintarien harrera kentzea izan zen pandemiak eragindako aldaketa nagusietako bat; gainera, erakundeetako ordezkariek Loiolako santutegirantz oinez egin ohi duten segizioa ere ez zen atzo egin.

Aitzitik, oraingo honetan, Lucía Arieta-Arauñabeña emaztearekin batera, Urkullu lehendakaria, ia-ia hutsik agertzen zen tenpluaren aurreko zabalgunera joan zen zuzenean. Bertan zituen zain, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Xabier Ezeizabarrena Batzar Nagusietako presidentea.

Eider Mendoza foru bozeramailea eta Jabier Larrañaga Gipuzkoako Ogasun diputatua ere hurbildu ziren Loiolako basilikara; aipatzekoa da, elizako edukiera nabarmen murriztu behar izan zela, eta kutsadurarik ekiditeko osasun neurri zorrotzak hartu behar izan zirela. Esate baterako, boluntario batzuk gel hidroalkoholikoa eskaini zizkieten fededun guztiei tenplura sartu aurretik.

Azpimarratzekoa da, baita ere, aurtengo ospakizunaren salbuespenezko egoera zela eta, ez zela aurreko urteetan izan diren protestarik gertatu. Urtero ohikoa izaten baita Etxerat, ETAkideen senideen eta hurbilekoen plataformak, edota pentsiodunen taldeak, leku horretan euren aldarrikapenak plazaratzea.

Behin Espainiako Gobernuarekin Euskadiren defizitaren bidea adostu ostean atzo Donemiliagan egin zen Presidenteen Konferentzian parte hartu zuen Urkulluk ez zion prentsari adierazpenik egin, ez eta Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak ere.

San Inazioren omenezko mezan, eukaristia egiteaz arduratu zen Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak iragarri zuen, datorren urtean santuaren bizi-ibilbidearen 500. urteurrena ospatuko dela. Ekitaldiak datorren maiatzaren 20an hasiko dira, santua Iruñeko gazteluaren defentsan zauritu zen 1521. Urteko data bera gogora ekarriz. Gotzainak aipatu zuenez, 500. urteurrenaren ospakizunak 2022ko uztailaren 31ra arte luzatuko omen dira.