- Eusko Jaurlaritzak Euskararen Aholku Batzordea arautzeko dekretu berria onartu zuen atzo, batzorde horren osaera berrituz, osoko bilkurako kideen kopurua 59tik 26ra murriztuz eta funtzionamendu-arauak egokituz. Aldaketa horiek erakunde horren eginkizunak hobeto betetzeko egindako ebaluazioaren ondorio dira.

Dekretu berrian, kideen kopurua murriztu da, osaeran genero-ikuspegia txertatu, eta funtzionamendu-arauak eguneratu egin dira. Hizkuntza-normalizazioan diharduten erakunde publiko eta pribatuen ahaleginak eta ekintzak aztertzea, bideratzea eta koordinatzea da Euskararen Aholku Batzordearen helburua.

Aldaketa horren jatorria duela bi urte hasitako hausnarketa-prozesu batean hasi zen. 2018. urtean ebaluazio bat egin zen Kontseilua arrazionalizatzeko eta hobetzeko; hala, organoaren funtzionamendua, osaera eta araudia egokitzeko beharra zehaztu zen, organo horren funtzionamendua ikuspuntu teknikotik hobetzeko.

UEMA osoko bilkuran sartu da Euskararen Aholku Batzordearen Osoko Bilkurari dagokionez, orain arte 59 kidek osatu dute, eta hemendik aurrera 26 izango dira. Eusko Jaurlaritzako ordezkari batzuk (HABE, EITB, Funtzio Publikoa) desagertu egin dira, eta beste bat sartu da (UEMAko ordezkaria). Kanpoko adituen kopurua ere murriztu arren, gizarte zibileko ordezkariek presentzia nabarmena izango dute batzorde berezietan.

Beraz, hemendik aurrera, honako hauek osatuko dute Euskararen Aholku Batzordearen Osoko Bilkura: lehendakariak (Lehendakaria); Lehendakariordetzak (Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua); Hizkuntza Politikarako sailburuordeak; Hezkuntzako sailburuordeak; Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak; eta euskaltzainburuak.

Halaber, foru-aldundi bakoitzetik ordezkari bana izango da, gutxienez zuzendari-maila duena; Eudeleko ordezkari bat; UEMAren ordezkari bat; eta 15 kide, hizkuntza-normalizazioaren prozesuan eragina duten sektore-eremuetako ospe handiko pertsonen artetik izendatutakoak.

Osoko Bilkurak bere bileretan landuko diren gaietan adituak diren pertsonen parte hartzea eskatu ahal izango du; gonbidatu horiek hitz egiteko eskubidea izango dute, ez ordea, botoa ematerik. Era berean, Euskararen Aholku Batzordearen Osoko Bilkuraren osaeran emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua bermatuko da. Helburu horrekin, ordezkaritza orekatua izango da sexu bakoitzak gutxienez % 40ko ordezkaritza lortzen duenean, eta, horretarako, arauzko neurriak edo beharrezkoak diren bestelakoak hartuko dira. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak sei hilabeteko epea izango du Euskararen Aholku Batzordearen Osoko Bilkurako kide berriak izendatzeko.