nformatikako profesionalen eta zaleen urteko bilera garrantzitsuenak, Euskal Encounter topaketak, atzo eman zion hasiera 28. edizioari. COVID-19ak eragindako egoera berezia dela eta, aurtengo festa teknologikoa birtuala izango da, eta parte-hartzaileak euren etxeetatik batuko dira online topaketara.

Irekiera ekitaldia ere berezia izan zen. Antolatzaileak Urretxuko Ederrena frontoian bildu ziren, 1994an lehen Euskal Encounterra gauzatu zen lekuan, hain zuzen ere. Euskal Encounter Euskaltel Fundazioak antolatu du, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Urretxuko Udalaren laguntzarekin. Inaugurazioan topaketaren antola-tzaileak zoriondu zitutzen erakundeek, zailtasunak zailtasun, hitzordua mantendu dutelako.

Zentzu horretan, Eusko Jaurlari-tzako Ekintzailetza, Berrikuntza eta Informazioaren Gizarte arloko zuzendari Aitor Urzelaik azpimarratu zuen meritu handia duela Euskal Encounter zutik mantentzea gaur egungo testunguruan. Gainera, topaketa teknologikoak urtero elkartzen duen talentua nabarmendu zuen.

Ildo berean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza eta Internalizazio departamenduko zuzendari Jon Gurrutxaga teknologiak pandemia garaian duen paperaz mintzatu zen, jarduera ekonomikoa eta harreman soziala mantentzeko lagungarri baita. Urretxuko alkate Jon Luqui, bilkuraren anfitrioi gisa, harro agertu zen lanpartya bere sorrera-gunera bueltatu delako; eta urteetan izan duen hazkuntza txalotu zuen.

Azkenik, Euskatel Taldeko eta Fundazioko presidente Xabier Iturbek, Euskal Encounterren balio estrategikoaz hitz egin zuen: teknologiaren esparruko adituen arteko ezagutza-elkartrukea azpimarratu zuen, eta baita 28 edizio etenik gabe ospatu izana goraipatu ere.

Topaketaren lehen eguna indartsua izan zen. 3.000 lagun baino gehiago konektatu ziren euskal informatika-hitzorduak proposatutako ekintzetan parte hartzeko helburuarekin. Atzo hasi eta bihar arte, teknologia berrien zaleek ikasteko, lehiatzeko eta ondo pasatzeko aukera izango dute, eta horrelako ekimen baten izaera gertutik ezagutu nahi duen orok ere bat egiteko parada izango du.

Antolatzaileek nabarmendu zutenez, parte-hartzaileak fisikoki elkarrengandik urrun badaude ere, hainbat erreminta informatikori esker, "hurbileko harremana" da nagusi. Hiru egunetarako programak prestakuntza eta jolas-jarduera ugari biltzen ditu, baita arte digital, programazio eta bideo-joko arloetako lehiaketak ere.

2020ko Euskal Encounterren gai nagusia adimen artifiziala izango da, eta, hain zuzen, Beyond Al da aurtengo leloa. Atzo goizean, zehazki, adimen artifizialak enpresa-munduan eta bideo-jokoetan duen aplikazioari buruz mintzatu ziren hainbat aditu.

Jarduera Euskal Encounterrek Twitch plataforman duen streaming kanalaren bidez jarraitu daiteke.