DYA Gipuzkoako boluntarioak ez dira gelditu azken hilabeteetan . COVID-19ak sortutako egoera lazgarria aurrera eramaten laguntzeko giltzarria izan dira eta horren eredu da, adibidez, itxialdian zehar behar zuten pertsonei janaria eta sendagaiak etxera eramatea, adineko pertsonek irteteko baimena eman zietenean paseo bat ematera joateko konpainia eskaintzea edota 40.000 etxetara deitzea norbaitek laguntza behar ote zuen jakiteko.

Baina norbanakoei ez ezik, instituzioei ere eskaini die laguntza elkarteak. "Pandemiaren hasieran, Osakidetzatik deitu ziguten buzoak, NBE-ak (Norbera Babesteko Ekipamenduak), eta gainontzeko materiala bageneukan galdetzeko. Gustura eman genizkien, Osakidetzak bere mediku, erizain eta gainerako langileentzat behar baitzuelako. Guztira 1000 buzo inguru eman genizkien eta orain itzultzeko eskatu diegu, horrelako gauzak birjarri behar baititugu", azaldu dio egunkari honi Irene Tapiak, DYA Gipuzkoako presidenteak.

Oraingoz ez diete ezertxo ere itzuli eta elkarteak baliabideak behar dituela ikusita, #AlertaHoria kanpaina jarri du abian, Eta DYAri nork laguntzen dio? lelopean. "Orain arte sekula ez dugu ezer eskatu. Beti moldatu izan gara gipuzkoarrek emandako diruarekin eta beti eduki izan dugu argi beraiek emandakoa beraientzat dela. Baina uste dut orain instituzioek erantzun behar dutela eta diruz lagundu behar gaituztela", azpimarratu du Tapiak.

Izan ere, DYAk orain arte gipuzkoarrek emandako dirua baliatu du materiala erosi eta beraien zerbi-tzuak eskaintzeko. Tapia oso eskertuta dago herritarren laguntzarekin: "Anbulantzian edo furgonetan gaudenean, askotan etortzen zaizkigu pertsona helduak DYArekin kolaboratzen dutela esatera. Nik orduan nola lan egiten dugun erakusten diet, beraiek ematen diguten dirua zertarako erabiltzen dugun jakitea asko gustatzen baitzaie".

Batez ere, pertsona helduak omen dira erakundea diruz laguntzen duten gipuzkoarrak, baina batzuk ezin izaten dute nahi beste diru eskaini. "Hainbatek pena handiz esaten digute ezin digutela lagundu. Niri, pertsonalki, hunkitu egiten nau adineko pertsonek izan dezaketen pentsio eskasarekin guri hamar euro emateak, batzuentzat ekintza horrek asko suposatzen baitu", dio Tapiak.

Horrenbestez, instituzioei lagun-tzeko garaia iritsi zaiela uste du. "Beti esaten dute laguntzak eskain-tzen dizkietela elkarteei, baina guri ez zaigu ezertxo ere iristen", deitoratu du. Kanpaina hasi zutenetik, larrialdi zerbitzuetatik 3.000 euro jaso dituzte eta bi ozono makina erosi dituzte ibilgailuak desinfektatzeko. "Desinfekzio asko egiten ari gara eta zerbitzu bakoitzaren ostean guztia garbitu behar izaten dugu, inongo arazorik egon ez dadin", azaldu du. "Garrantzi handia ematen diogu gure boluntarioak arriskuan ez jar-tzeari, baina ezin dugu materiala birjarri ez badigute laguntzen", gehitu du.

Hilabete guzti hauetan zehar gastu handiak izan ditu DYAk eta, Tapiak dioenez, Kutxa Fundazioak emandako diruarekin jarraitu ahal izan dute lanean: "Gu ez gara enpresa bat eta ez dugu dirurik jendea mantentzeko. Ematen digutena berriz inbertitzen joaten gara".

Gipuzkoan lan egiteaz gain, EAEko gainerako probintzietan ere aritu da lanean DYA Gipuzkoa. "Kilometro pila bat egin ditugu alde batetik bestera maskarak eta pantailak garraiatzen. Gainera, osasun-langileak ere eraman izan ditugu Gipuzkoatik Bizkaiara. Han behar zituzten pertsona horiek eta ibilgailu gehiago ez erabiltzeagatik eta kutsatzeagatik, guk eraman genituen", nabarmendu du.

Horrez gain, Gipuzkoako Elikagaien Bankuari laguntzen ere aritu dira eta Foru Aldundiak laguntza eskatu dio DYAri arrantzaleei PCR probak egiteko Pasai San Pedron, Getarian eta Hondarribian. "Antxoaren eta hegaluzearen kanpaina egin genituen, eta oso ongi moldatu ginen", azaldu du. Orain, aldiz, zaharren egoitzetan laguntzeko eskatu diete eta "gustura" egingo dutela dio. "Baina ordainsaria nahi dugu, horrek guztiak diru asko balio baitu. Instituzioek dute diru gehien, baina ez digute ematen", azpimarratu du Tapiak.

Azaldu duenez, dagoeneko bilera bat izan du DYAk Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta bihozkada ona du horren ondoren. "Uste dut Maite Peñak asko lagunduko digula eta pozik gaude horregatik. Ea orain Eusko Jaurlaritzak ere laguntza eskatzeaz gain, eskaini ere egiten digun", adierazi du.

Une honetan, kanpainaren berri sare sozialetan ari da ematen elkartea, ez baitu dirurik behar dutena aldarrikatzeko ekin-tzak egiteko kalean. DYAri laguntzeko metodo bat baino gehiago daude: Bizum bidez mugikorretik dirua bidal daiteke 38071 zenbakira edota dyagipuzkoa.com webgunearen bidez galdetegi txiki bat bete eta ekarpena egin daiteke.

Batez ere, adineko pertsonak dira DYA Gipuzkoari dirua eman izan diotenak

eta elkarteak instituzioen txanda dela uste du orain