- Joan den ekainean, Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen Udaletxeko dirulaguntzen ordenantzaren baldintza bat, 16 urtetik beherakoei zuzendutako jarduerak euskara hutsean egiteko betebeharra diskriminatzailea zela iritzita.

Atzo jakitera eman zuen adierazpen instituzional batean, Udalak azaldu zuen Auzitegi Gorenaren epaia errespetatzen duen arren "ez dagoela ados emandako arrazoiekin"; izan ere, edozein ebazpen judiziali "zor zaion errespetutik harago", testuak "ez ditu aintzat har-tzen udalek hizkuntza-politikaren arloan dituzten eskumenak, eta hizkuntza-berdintasunaren oinarrizko printzipioaren aurka egiten du".

"1986an sortu zenetik, Udalaren hizkuntza-politikaren oinarrietako bat belaunaldi berriak ahalik eta elebidunenak izatea izan da", azpimarratzen da oharrean, eta Udalak garai horretan "D eredua" sustatu duela aipatzen da, baita "eskolaz kanpoko jarduerak euskaraz eskaintzeko egindako ahalegin handia" ere.

"2017. urtean Udalak herriko elkarteentzako dirulaguntzak arautzen dituen ordenantza egin zuenean, Auzitegi Gorenak orain indargabetu duen baldintza hau jarri zuen: jarduera 16 urtetik beherakoentzat izanez gero, euskaraz izango zela" aipatzen du Udalaren oharrak.

Erabaki hori Euskadiko Toki Erakundeen Legean oinarrituta hartu zuten, bertan esaten baita "udalerriko haur eta gazte guztiak gai dira eskola-orduetatik kanpoko jarduerak euskaraz egiteko", eta guztiei "komeni zaie eskola-orduetatik kanpoko jarduerak" euskaraz egitea.

Ildo horri jarraituz nabarmentzen du oharrak, eskoletatik kanpo "gustuko duten eremuan" euskaraz jarduteak, "hizkuntzaz modu sendoagoan jabetzen laguntzen die, eta, beraz, elebidun osoagoak izaten".

Gainera, hori "bereziki komenigarria da ikastetxeaz aparte familian euskaraz egiteko aukerarik ez dutenen edo euskaraz egiteko zailtasun gehiago dituztenen kasuan".

Hori dela eta, Udalak iragarri duenez, "sortu zenean ezarritako hizkuntza politikari eta helburuari eutsiko dio, eta helburu hori lor-tzeko bi bide prestatuko ditu, sustapen neurrien eta neurri legalen bidez".

Horren harira eta amaitzeko, honakoa argitu du: "Auzitegi Gorenaren epaiak ordenantzan ezarritako baldintza indargabetzen duen arren, Udala Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlari-tzarekin elkarlanean ari da, hura ordezkatzeko formula egokiena zein izango den zehaztu ahal izateko".