"COVID-19aren ondorioz sortutako normaltasun berri honetan, uste dugu barnealdeak eta, bereziki, landa turismoak eskaintzen dituela turistak eta bisitariak seguru senti-tzeko baldintza egokienak, jende pilaketetatik urrun. Gure eskualdeetan dugun eskaintza zabala erakutsi nahi diogu barne turismoari eta baita Estatuko turistei ere, opor leku gisa aukera gaitzaten", azaldu dute Goitur eta Tolosaldea Garatzen garapen agentzietatik. Duela zenbait urte hasi zuten elkarlanaren bidetik kaleratu dute orain Tolosaldea eta Goierriko garapen agen-tziek turismo gida berria uda honetan bisitariak "Euskadiko bihotzera" erakartzeko asmoz.

Guztira 46 herrik osatzen duten eskualdeek elkarrekin lan egiteko hitzarmena sinatu zuten 2008 urtean bisitari eta turista gehiago erakartzeko helburuarekin. "Goierri eta Tolosaldea elkarlanaren eredu izan dira betidanik turismoan; turismo aktiboan eta museoen dinamizazioan elkarlanean aritu gara edukiak ez errepika-tzeko eta eskualde bakoitzean aurrera eraman diren proiektuak bata bestearen osagarriak izan dira", gehitu dute turismo-eragileek.

Aurrerantzean ere elkarlanaren eredu izaten jarraitu nahi dute eta helburu nagusiena turistak eta bisitariak erakartzea dela jakinik, produktu turistiko guztiak batera garatuz eta promozionatuz, "orain arte baino turista gehiago zenbatzeko aukera" dutela pentsatzen dute.

Gida turistiko berriak, beraz, bi eskualdeetako produktu turistikoak biltzen ditu. Argitalpenaren hasierako mapan markaturik azaltzen dira bide berdeak, bidegorriak, informazio bulegoak, Erdi Aroko Multzoak edo alde zaharrak, merkatuak, Santiagoko Bidea, museo eta interpretazio zentroak eta alojamendu mota desberdinak (hotelak, pentsioak, nekazalturismoak, landetxeak, aterpetxeak eta apartamentu turistikoak). Gida hiru ataletan banatzen da: esperientzia gastronomikoak, naturan oinarriturikoak eta kulturalak, eta bertan aurki daitezkeen toki eta gai garrantzitsuenak aurkezten dira.

Hasteko, gastronomiarekin zerikusia duten esperientziak azaltzen dira (azokak, gazta, txakolina, sagardoa, babarrunak eta txokolatea). Jarraian, naturarekin lotura duten irteerak aurkezten dira (tontorrik altuenak, Parke Naturalak, Bide Berdeak, Santiagoko Bidea, Trail Estazioa eta errepide panoramikoak); azkenik, kulturarekin bat egiten duen atal bat erakusten da (alde zaharrak, Euskadiko Bihotzera bi bidai, etnografia, artea eta momentu historikoak azpimarratzen dituzten errekurtsoak). Bukatzeko, familia giroan egiteko irteerak eta erosketetarako atalak gehitu dira.

Esperientzia desberdinak aurkeztu ondoren, bi eskualdeetako museo, interpretazio zentro eta turismo bulegoen datu zehatzak txertatzen dira, jatetxeen zerrenda, alojamendu mota desberdin guztiak eta urtean zehar eta bi eskualdeetan gertatzen diren festa, azoka eta jai nagusienak.

Berrikuntza gisa, familiei begirako proposamenen atalean, bi eskualdeetako orientazio zirkuitu (Txindokiko Itzala eta Zegamakoak) eta abentura parkeak (Txindokiko Itzala eta Lizarrustikoak) bateratu dituzte eskaintza hau nabarmentzeko.

Oraingoz 10.000 ale egin dira euskaraz eta gazteleraz, eta frantsesa-ingelesa bertsioa ere sortu dute. Donostiako Gipuzkoa Turismoko bulegoan nahiz bi eskualdeetako turismo bulego guztietan eskuratu daiteke.