Odola ematea beharrezkoa da, ospitaleetan uneoro izaten baita horren beharra. Gipuzkoan, adibidez, 120-130 odol-transfusio egiten dira egunero. "Transfusio horiek egin ezean, ebakuntzak ezingo lirateke egin eta ondorioz, jende asko hil egingo zen. Hori ez gertatzeko, egunero odola eman behar da", azaldu dio NOTICIAS DE GIPUZKOAri Sabin Urcelay Gipuzkoako Odol Emaileen elkarteko presidenteak. Momentuz, datuak pozgarriak dira: egunean 120 eta 140 odol poltsa artean biltzen dituzte eta horietako bakoitzetik hiru pertsona salba daitezke.

Izan ere, poltsa bakoitzean biltzen den odolean hiru osagai bereizten dira: globulu gorriak, plaketak eta plasma. Poltsa guztiak Galdakaoko Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentrora bildatzen dituzte eta bertako makina baten bidez, osagai bakoitza bere aldetik isolatzea lor-tzen dute. Horrela, behar duenari beharrezkoa dena bakarrik jartzeko aukera egoten da. "Makina batean odol poltsa bat jartzen dugu eta biraka hasten da. Denbora pasatzen denean, filtro bat jartzen dugu eta globulu zuriak bertan geratzen dira", azaldu du Urcelayk. Globulu zurien barruan germenak daude eta horretarako existitzen dira, hain zuzen, gorputzeko germenak kentzeko.

Globulu zuriak kendu ostean, poltsak biraka jarraitzen du eta zentrifugazioaren ondorioz, gehiena pisa-tzen duena behera joaten da. "Behean globulu gorriak geratzen dira, gorago plaketak eta goian plasma. Bakoitza poltsa batera pasatzen dugu eta poltsa bakoitzak barruan produktu bat izaten du osagaiek iraun dezaten", zehaztu du. Prozesuaren amaieran, isolatutako poltsa bakoitza Euskadiko ospitaleetara bidaltzen dute.

Plasmak bi urte irauten ditu, globulu gorriak 42 egunean iraungitzen dira, plaketak astebetean. "Beraz, Euskadin zazpi egun egoten baldin bagara odola eman gabe, plaketarik gabe geratuko ginateke eta leuzemia duten guztiak, hezur-muina gaizki dutenak edo kimioteramia edo erradioterapia bezalako tratamenduak egiten ari direnak hil egingo lirateke", azpimarratu du Urcelayk.

Odola emateko baldintza "erraz" batzuk bete behar dira eta lehenengoa adina da. 18 urte izan behar dira gutxienez, eta gehienez aldiz, 70. "Goitik ez dago mugarik, beraz, Euskadin 65 urtetik aurrera guk ez diegu odol-emaileei deitzen. Baina etortzen baldin badira eta baldintzak betetzen badituzte, 70 urte arte uzten diegu ematen", nabarmendu du presidenteak. Pisuari dagokionez, 50 kilo baino gehiago pisatu behar dira, eta nola ez, osasuntsu egotea ere funtsezkoa da.

Horren baitan hainbat kontu har-tzen dituzte aintzat. Besteak beste, anemia ez izatea edo tentsioa oso altua edo oso baxua ez edukitzea. Gaixotasunak kutsatzeko arriskuko praktikak -sexualak edo oporrekin lotutakoak- egin izana ere kontuan hartzen dute. "Esaterako, orain Txinara joan eta bueltan, koronabirusa dela eta, 14 eta 28 egun artean egon beharko ginake odola eman gabe. Joaten garen lekuaren arabera, han dauden gaixotasunekin kutsatuta egon gaitezke, eta beraz, inkubazio periodoa errespetatu behar da", azaldu du.

Beste adibide bat jartzeagatik, Bolivian edo Perun ohikoa da Chagas gaixotasuna eta oporretara edo borondatezko lana egitera joanez gero, itzultzean sei hilabete pasa behar dira odolik eman gabe.

Bakoitzarentzat odol talderik onena berea da. Izatez, 300 odol mota baino gehiago daude, baina transfusioan garrantzi handiena dutenak, orokorrean, A, B, 0 eta AB dira; bakoitzean RH faktore positiboa edo negatiboa izan daitekeelarik. "Euskadin gehiengoa 0+ eta A+ gara eta ondoren, 0- eta A-. Beraz, gehiena behar direnak 0+ eta A+ dira", azaldu du Urcelayk.

Hala ere, 0- "komodina" dela adierazi du. "Globulu gorri denak berdinak dira, baina batzuk azalean proteina edo azukre desberdinak izaten dituzte. 0- odola edozeini jar diezaiokegu, izan ere, ez dauka horrelako ezer eta inori ez dio kalterik egiten". Beraz, 0- normala baino pixka bat gehiago erabiltzen da, denei jartzeko balio baitu. Larrialdi kasuetan ere horixe erabiltzen dute hasieran: "Istripu larri bat izan duena ospitalera joan eta odolusten ari bada, lehenengo 0- jartzen diote bere taldea zein den jakin arte", nabarmendu du.

Odolaz gain, jendeak organoak eta hezur-muina ere ematen ditu. Organoen kasuan, hala ere, eman nahi dituenaren senitartekoek izaten dute azken hitza. "Organo emailea izatea erabakiz gero, pertsona hori hiltzen denean erabakitzen dute senitartekoek eman edo ez. Beraz, hobe da organoak eman nahi dituenak orain karneta izatea momentua iristen denean familiarentzat organoak ematea errazagoa izan dadin", dio.

Hezur-muina ere ez da zuzenean ematen eta aurretiko prozesu bat igaro behar da. "Gugana etortzen bada norbait hezur-muina eman nahi duena, leuzemiaren aurkako Josep Carreras Fundazioko webgunearen helbidea ematen diogu eta elkarrizketa birtual baten ostean, hezur-muina eman dezakeen edo ez esaten diote", azaldu du. Baietz esaten dutenean, Gipuzkoako Odol Emaileen egoitzara joaten da emailea eta han, berriz ere elkarrizketa errepikatzen du "zerbait ulertu gabe geratu ez dela ziurtatzeko".

Ondoren, hezur-muinetik bi tutu ateratzen dizkiote lagintzat eta Galdakaotik berriz ere, Josep Carreras Fundaziora bidaltzen dute. Handik, munduko erregistrora pasatzen da hezur-muina eman nahi duen pertsonaren informazioa.

Hezur-muin egokia jasotzea, hala ere, nahiko konplexua da gaixoen-tzat. Ehun horren lana odola egitea da -globulu gorriak, globulu zuriak eta plaketak- eta beharrezkoa da gaixo dagoen pertsonari berak zeukanaren antzeko hezur-muina jartzea. "Globulu horiek ez baldin badira hezur-muina jaso duen pertsonaren berdinak, globulu zurientzat pertsona hori ezezaguna da eta ondorioz, eraso egin eta hil egiten da gaixoa", azpimarratu du Urcelayk. Ondorioz, neba-arrebena ez bada "oso zaila" da bakoitzak behar duen motako hezur-muina jasotzea. "Horregatik behar da hezur-muin emaile asko mundu guztian zehar alde batetik bestera pasatzeko ehun horiek", nabarmendu du.

Hala ere, "zorionez" odola ematen duen jende gehiago dago hezur-muina ematen duena baino; izan ere, odola askoz gehiago behar baita. Euskadin 60.000 odol emaile mantendu behar dituzte guztia behar bezala joan dadin eta Gipuzkoako Odol Emaileen elkartearen helburua aurten 19.000 odol emailera iritsi eta hor mantentzea da.