Frantziako gobernuak Baionan duen ordezkaritzaren aurrean, Ipar Euskal Herriko osasun arloko profesionalek baldintzak salatu eta baliabideak eskatu zituzten duela gutxi. Ehunka lagunek hitzarmenak berritzea, baldintza hobeak, baliabide gehiago eta hilabete sariak emendatzea galdetu zuten jai giroan egindako elkarretaratzean.

"Baldintza egokiak behar ditugu pazienteak behar den bezala artatu eta sendatzeko. Egoera okertzen da urtez urte, aspaldi du sendagileek sufritzen dutela eta orain izurritearekin denek ikusi dute beharrezkoa dela arlo publikoa zaintzea" azaldu zuen Xan Brialy LAB sindikatuko kide eta Baionako ospitaleko langileak. "Liberalek funtzio publiko osoa desegin nahi dute, haientzat eredua Ameriketako Estatu Batuak direlako. Ipar Euskal Herrian ez da kolapsorik gertatu Frantziako zenbait gunetan bezala, baina halere, lehen egunetan maskarak falta ziren eta profesionalak arriskuan eman dituzte. Batzuk lanean zeuden jakin gabe kutsatuak zirenez. Egoera korapilatsuari aurre egin zaio bakarrik jendearen lan ikaragarriari esker". Lapurdiko hirinagusiko erietxeko 3.500 profesionalen artean hamabost kutsatu ziren izurritearen lehen egunetan.

"Iparraldean ez gara biziki hunkituak izan baina ondorioak jasan ditugu: ospitala eta Belarra klinikan ez zituzten gehiago larrialdiak hartzen eta beraz guk denak hartu behar izan ditugu" zioen Erregina Dolosor CFDT sindikatuko kide eta Agilera klinikako erizainak Miarritzen. "Egun batetik bestera lan baldintzak aldatu dizkigute eta bat batean eri gehiago artatu behar izan ditugu langile gehiago izan gabe. Zazpi urtez ez baita deus aldatu, gure lan hitzarmena berriz ikusia izan dadin galdetzen dugu ere". Egun txarren ondotik oldartzeko eta oihua Parisera eramateko ordua iritsi da manifestarien hi-tzetan. "Gurea bezalako klinika pribatuan 30 urteen buruan gelditzen da ibilbide profesionala, hortik gora hilabete saria ez da gehiago emendatzen".

Osasun krisi garaian, herritarrek arratsero eskaini zizkieten txaloak eskertu zituzten karrikara atera ziren sendagileek. Frantziako gobernuak osasungintzari buruzko gogoeta egiten duelarik, orain ere, sostengu bera beharrezkoa dutela azpimarratu zuten. Gaur egun, Baionako ospitalean ez dute gehiago inor artatzen COVID-19arengatik. Krisi garaian ordea, denera 326 lagun hartu zituzten eta horietatik 13 hil dira. Atharratzeko (Zuberoa) bi lagun zendu ziren ere Paueko ospitalean eta zahar etxeetan hamabost bat egoiliarrek galdu dute bizia.

Krisiaren egunik zailenean 27 eri zeuden Baionako suspertze sailean: 20 COVID gunean eta beste zazpi beste arlo batean beste patologia ba-tzuengatik. "32 eri handi hartzeko prest ginen" azaldu zuen Jerome Pillot suspertze saileko buruak. Azkenean ez da beharrezkoa izan, izurriteak uste baino kalte gutxiago eragin baitu Lapurdin. "Sendagileak nekatuak dira eta badaezpada prestatzen ari dira gaitzaren bigarren uhainari buru egiteko" azaldu zuen Michel Glanes Baionako ospitaleko zuzendariak.

"Harremanak izan ditugu beti Gipuzkoako profesionalekin baina gaindituak ez zirenez ez genien laguntzarik eman behar izan". Herrietako mediku ainitzek bezala erietxe nagusiko arduradunek ere azpimarratzen dute artatzen segitzea beharrezkoa dela eta ez dela gehiegi egon behar bere burua zaindu gabe.

Ipar Euskal Herrian ere normaltasuna itzultzen ari da piskana piskanaka, eta ekainaren 8an ateak zabaldu zituenetik gero eta hegaldi gehiago hartzen dituzte Miarritzeko aireportuan. Frantziako Estatuko eskola guztiek ateak ideki zitzaten agindu zuen Emmanuel Macron presidenteak. Ikasturtea bukatzeko aste bete baino ez delarik falta segurtasun neurriak arindu dituzte. Dena den, Seaska ikastolen federazioak jakinarazi du ezin izanen dituztela ikasle guztiak hartu. "Parisen iraileko sartzea dute gogoan eta uda baino lehen normaltasunaren argazkia eskaini nahi dute" Peio Jorajuria Seaskaren presidentearen arabera.