- Udalbiltzak Lurgida aplikazioa aurkeztu zuen atzo Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean. Mugikorretarako aplikazio horrek Euskal Herria beste modu batera ezagutzeko aukera eman nahi die barneko zein kanpoko bisitariei. Turismo jasangarriagoa eta lurraldearekiko errespetuan oinarritutakoa bultzatu nahi du, bide batez, tokiko ekonomiarentzat onuragarria izango dena.

Lurgidak euskal lurraldeko ondare inmateriala eta historia zeharkatzen dituzten hamaika ibilaldi proposatzen ditu, ehunka udalerriren informazioa -interes guneak, historia, ohiturak, jaiak eta abar- eskaintzeaz gain. Gainera, furgoneta zein autokarabanei ongi etorria egiten dieten etxaldeak ere bildu dituzte.

Europa mailan praktika hori oso errotuta dago eta horren bidez, bisitariek gaua bertan pasatzeko beta dute. Era berean, baserritarrek haien ekoizpenak ezagutarazteko aukera paregabea dute eta horrela, KM0 kontsumoa sustatu nahi du Udalbiltzak, lehen sektorearekiko sentsibilizazioa eta ezagutza areagotuz.

Hemendik aurrera, Lurgidak ibilbide, etxalde, ondare eta informazio gehiago jasoko du eta agenda atala ere gehitzea aurreikusten dute, Euskal Herriko ekimen kultural desberdinak bilduko dituena.

Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin garatu da eta baita Errigora, Euskarazko Wikipedia, EHKO eta IDOKI elkarteen laguntzarekin ere. Aplikazioa eskuragarri dago Android eta iOS gailuentzat, eta webgune formatuan (www.lurgida.eus) ere lau hizkun-tzatan garatu da: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez.