- Nafarroan COVID-19aren ondorioz kutsatutako 21 kasu berri atzeman zituzten atzo eta Gobernuak kutsatze horiek bi familia-bazkaritan gertatu direla baieztatu zuen. Nafarroako bi puntutan gertatu da gorakada: bat Iruñean eta bestea Nafarroako iparraldean.

Kasuen areagotzeak gorakada nabarmena suposatu du, izan ere, azken egunetan askoz ere kasu gutxiago zenbatu zituzten. Igandean Gobernuak hiru kasu erregistratu zirela jakinarazi zuen eta larunbatean, aldiz, zortzi kasu berri.

Nafarroako Osasun sailburuak, Santos Indurainek, azaldu zuen atzo atzemandako kasuak "familiarteko eta lagunarteko harremanekin erlazionatuta" daudela, eta ez dutela loturarik osasun zentroekin edo zentro soziosanitarioekin.

Indurainek azpimarratu zuen Nafarroako Gobernua "kontaktuen identifikazio, isolamendu eta jarraipen oso goiztiarra" egiten ari dela eta adierazi zuen atzemandako kasu berrien gehiengoa "sintomarik gabea" zela.

Sailburuak berriz ere arduraz jokatzeko deia egin zuen, kutsatzeak eragitea sahiesteko. "Oso garrantzi-tsua da igaro dugun guztiaz ez ahaztea eta guztiok arduraz jokatzea", esan zuen.