- Azken orduetan hildako pertsona bat eta zazpi positibo berri erregistratu dira Euskadin COVID-19aren eraginez. Guztira, 20.672 kasu positibo zenbatu dira orain arte EAEn eta 1.604 dira hildakoak.

Zazpi positibo berri horietatik, hiru Araban zenbatu zituzten -bi Gasteizen eta bat Zanbranan-; beste hiru Bizkaian -bi Bermeon eta bat Portugaleten-; eta bat Gipuzkoan, Orion. Kasu positibo hori zenbatu ostean, sei dira guztira Orion azken egunetan kutsatu diren pertsonak. Izan ere, larunbatean hiru positibo atzeman zituzten bertan, igandean bi eta atzo bat.

Nekane Murga Osasun sailburuak jakinarazi zuenez, Orioko trasmisio kasu berriak "familia edo gizarte esparruan" eman dira eta gezurtatu egin zuen kutsatzeak merkataritza-jarduera bati lotuta daudela. Gainera, positibo eman duten pertsonen ingurukoen artean 50 PCR test egin zituzten, eta ez dituzte kasu gehiago atzeman. Zentzu horretan, Murgak lasaitasun mezua igorri zien Orioko herritarrei, baina arduraz jokatzen jarraitu behar dela gogorarazi zuen.

Era berean, Anuska Esnal Orioko alkateak adierazi zuen herria "normaltasunez" funtzionatzen ari dela. "Positibo eman duten pertsonak dagozkien neurriak hartuta betebeharrak betetzen ari dira", esan zuen Esnalek.

Osasun Sailak koronabirusaren egoera epidemilogikoari buruz egindako azken txostenaren arabera, atzo 1.471 PCR test egin ziren EAEn eta 21 test azkar. Bi pertsonek jaso zuten ospitaleko alta eta PCR positibodun beste ospitalera-tze bat egon zen plantan. Bestalde, kutsatutako pertsona batek zenbat kutsatze eragin ditzaken balioztatzen duen RO indizea 0,99 zen atzo, aurreko txostenean baino 0,01 altuago.