DONOSTIA. Datorren igandean, ekainak 28, LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen da, eta bere aldarrikapenak munduan osoan oihartzuna izatea lortu da, gizarte zibileko talde askok eta milaka eta milaka pertsonak abiarazitako hainbat ekintzari esker. “Ospakizun honek gogora ekartzen digu zenbat aurreratu dugun alor honetan; baina gogorarazten digu, baita ere, hainbat pertsonek beren genero-identitateagatik eta sexu-orientazioagatik oraindik ere zenbat eskubide-urraketa jasaten dituzten”, esan du Eider Mendozak, Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea, Diputatuen kontseilu ondorengo prentsaurrekoan. Honen harira, erakunde adierazpena onartu du Diputatuen Kontseiluak.

Duela hilabete batzuk, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gehitu elkartearekin batera, LGTBI+ Populazioaren errealitateen diagnostikoa Gipuzkoan txostena plazaratu zuela gogoratu du bozeramaileak, eta han bildutako datuek adierazten dutenez, LGTBI+ identifikatzen diren pertsonek diskriminazioa sentitzen dute hainbat eremutan, eta esparru horietako batzuetan maiz jasaten dituzte diskriminazio egoerak. “Horregatik, Gipuzkoari buruzko azterlan honek adierazten digu, baita ere, oso egokia dela aurtengo ekainaren 28rako hautatu den leloa: 2020, LTB emakumeak: Sororitatea eta feminismoa. Izan ere, LTB emakumeen errealitatea ia ikusezina da gurean ere, eta garaia dugu jasaten dituzten diskriminazioei arreta osoz begiratzeko”, gaineratu du.

Horregatik guztiagatik, 2020ko ekainaren 28ko LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela-eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egiten du honako aldarrikapenekin: berresten du pertsona guztiek beren sexu-orientazioa eta genero identitatea askatasunez aukeratzeko duten eskubidearen defentsa; berresten du lesbiana, gay, transexual, bisexual eta intersexualen giza eskubideak babesteko eta bermatzeko politika publikoak planteatzen jarraitzeko konpromisoa; konpromisoa hartzen du Aniztasunaren aldeko Bizikidetza Plana, LGTBI+ pertsonenganako diskriminazioa aintzat hartzen duena, bultzatzen jarraitzeko eta baita ere azterlan bat abian jartzeko, COVID-19ak eragindako krisiaren ondorioz LGTBI+ pertsonen aurka gertatu diren balizko eskubide-urraketak identifikatzeko eta gipuzkoarrei dei egiten die egun honetan parte har dezaten eta urte osoan, egunez egun, LGTBI+ pertsonen eskubideak babes ditzaten.