- Gipuzkoako erronka nagusiei aurre egiteko Etorkizuna Eraikiz estrategiaren eta lurraldeko lau unibertsitateen arteko lankidetza-hitzarmena berritu du Gipuzkoako Foru Aldundiak beste bi urterako. COVID-19aren pandemiak areagotu egin du estrategia horren premia, eta milioi bat euro bideratuko ditu Aldundiak horretara.

Bi urteko hitzarmena sinatu zuten atzoko bileran Markel Olano ahaldun nagusiak, Nekane Balluerka Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak, Jose Maria Guibert Deustuko Unibertsitateko errektoreak, Mondragon Unibertsitateko Vicente Atxak eta Raul Anton Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolako (Tecnun) zuzendariak.

Bileran Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren ibilbidearen balantzea egin zuten, eta erakunde akademikoen eta Aldundiaren artean abian jarritako lankidetza-ildoak aztertu zituzten. Pandemiak "areagotu" dituen "erronka globalen" aurrean "erantzun lokalak" sortzeko beharra azpimarratu zuen Olanok, eta erakundeek eta eragile sozioekonomikoek "elkarlana eta esperimentazioa" oinarri hartuta "ahalegina egitea ezinbestekoa "dela gaineratu zuen.

Lau unibertsitateek pandemiaren aurkako borrokan egindako ekarpena azpimarratu zuen Olanok, eta "ezagutza aurreraturik, gaitasun berritzailerik eta talenturik gabe" Etorkizuna Eraikiz egitasmoa "bideraezina" izango litzatekeela adierazi zuen, irakaskuntza zentro hauek izango baitira garatu beharreko ikerketen "ardatzak".

Bilera horretan bertan konpromisoa hartu zuten unibertsitateek, gaian gaiko adituak eskainiz, Etorkizuna Eraikizek joan den astean iragarri zuen Think Tank delakoan parte hartzeko. Bertan, Gipuzkoako gizarte eta ekonomia sareko ordezkari "kualifikatuak" elkartuko dira.

Akordioaren arabera, EHUk adimen artifizialarekin, zahartze osasuntsuarekin, jasangarritasunarekin eta kontziliazio erantzunkidearekin lotutako lanak egingo ditu.

Besteak beste, adinekoen ongizatea hobetzeko ikerketa-jarduera berri bat jarriko du abian; Gipuzkoako iraunkortasunari buruzko nazioarte mailako ikerketa bultzatuko du, eta Erantzunkide sarearekin elkarlanean jardungo da enpresetan kon-tziliazio erantzunkidea lortze aldera, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-printzipioa ezartzeko helburuarekin.

Balluerkak adierazi zuenez, 2020-2021 biurtekorako 7 ikerketa- eta ekintza-ildo ezarri dituzte; guztira 26 proiektu aurkeztu omen dira, 100 ikerlari baino gehiagoren parte har-tzearekin.

Deustuko Unibertsitateak, bestalde, baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko Elkar-Ekin proiektuarekin jarraituko du, eta, besteak beste, adinekoek etxean jarraitu ahal izateko gobernantza-sistema baten garapenean ere parte hartuko du.

Mondragon Unibertsitateak berriz, hizkuntza-berrikuntzarako laborategia abian jarriko du, Big Datarekin eta adimen artifizialarekin lotutako ikerketa-prozesuetan parte hartuko du, eta ekintzailetzarekin eta gazteen etorkizuneko enpleguarekin lotutako ekintzak sustatuko ditu.

Azkenik, Tecnunek, Gipuzkoan mendekotasuna duten eta 65 urtetik gorako biztanleei buruzko iragarpenak egingo dituen proiektu bat garatuko du, pertsona-talde horiek arreta egokia jasoko dutela ziurtatzeko helburuarekin.