- COVID-19ari "bereziki sentikorrak" diren edo mendekotasuna duten adinekoak edo hamalau urtetik beherakoak arduran dituzten Eusko Jaurlaritzako langile publikoek telelanean jarraitu ahal izango dute irailaren 7ra arte.

Neurri hau Euskadiko Administrazio Orokorreko Mahai Sektorialean adostu zuten Jaurlaritzak eta CCOO eta UGT sindikatuek; ELAk, ordea, ez zuen ituna sinatu, eta LAB ez zen Gasteizko bileran izan.

Akordioari esker, presentzialki lanera itzultzetik salbuetsita zeuden langileek etxetik lanean jarraitu ahal izango dute uda honetan, "lana eta familia uztartzeko".

Zehazki, udan telelanean jarraitu ahal izango dute hamalau urtetik beherakoak edo mendekotasuna duten adinekoak ardurapean dituzten langile publikoek, baita koronabirusarekiko "bereziki sentikorrak" direnek ere. Arrisku maila hori berrikusi ahal izango du, ordea, laneko arriskuen prebentziorako zerbitzuak.

Bestalde, Telelaneko Programan ari diren langileek egoera horretan jarraituko dute deialdi berria indarrean sartu arte; eskaerak egiteko epea ekainaren 3an amaitu zen, eta orain eskaera horiek aztertzen ari dira. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak lanean sartzeko ordutegi malgua mantentzea erabaki du, 7.30etik hasita.

Maiatzaren 11n hasi ziren, mailaka, Jaurlaritzako langileak aurrez aurre lan egiten. Gaur egun, %80 haien lanpostuetan daude prebentzio-neurriak zainduz (segurtasun-distan-tziari eusten, besteak beste).

Mahaiaren bilera amaitu ostean, Andres Zearreta Funtzio Publikoko sailburuordeak CCOO eta UGTren "negoziaziorako borondatea" goraipatu zuen. Egoera honetan, "sindikatu batzuen jarrera" ezin dela ulertu ere adierazi zuen: batetik, ELAk erakutsi omen duen "akordioa lortzeko interes eza" salatu zuen eta, bestetik, LAB ez zela agertu ere egin.

ELAk gogor kritikatu zuen Eusko Jaurlaritza, Mahaia "azken unean" deitu duelako, eta "propaganda" egiteko asmo hutsarekin. "Arau demokratiko oinarrizkoenak urratuz gutxiengo sindikalarekin" sinatu duen proposamena "eskasa" dela iruditu zaie.

LABek, bere aldetik, bilerara ez joateko argudiatu zuen herenegun izan zutela deialdiaren berri komunikabideen bidez, eta dokumentazioa arratsaldera arte ez zitzaiela iritsi. "Ez zaigu serioa iruditzen horrela tratatzea", deitoratu zuen LABek, eta erabakiak hartzeko orduan "aldebakartasuna eta inprobisazioa" egotzi zizkion Eusko Jaurlaritzari.

Akordioa CCOO eta UGT sindikatuekin sinatu zuen Jaurlaritzak; ELAk eta LABek bilera azken orduan deitu zuela salatu zuten