DONOSTIA. UPV/EHUko ikerketa batek frogatu du berriztagarrien sektorean ezusteko erregulazio-aldaketak egoteak ekartzen duela hegakortasun handiena elektrizitatearen prezioan. Ziurgabetasunak asaldatzen ditu gehien eragile ekonomikoak.

Elektrizitatearen prezioak 16 urtez (2002tik 2017ra) izandako bilakaeraren azterketa argitaratu dute UPV/EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko BiRTE ikerketa-taldeko hiru kidek Energy Economics aldizkarian (Ekonomiaren alorreko lehenengo dezilean dago). Ikerketaren helburua izan da ikustea zenbateko eragina duten energia berriztagarriekin lotutako zenbait faktorek elektrizitatearen prezioan. Abiapuntu gisa, "jakina da sistema elektrikoan energia berriztagarria txertatzeak efektu bikoitz bat duela: alde batetik, prezioa jaitsarazten du, hau da, salerosten den energia merkeagoa da, energia berriztagarriaren ekoizpen-kostu unitarioa zero ingurukoa delako. Baina beste aldetik, prezioaren hegakortasuna areagotzen da, alegia, azkar eta maiz aldatzen da, energia bera aldizkakoa denez, ezin delako beti bermatu sorkuntza, eta, horrenbestez, ezta eskuragarritasuna ere", azaldu du Aitor Ciarreta Antuñano BiRTE ikerketa-taldeko ikertzaile nagusi eta lanaren egileetako batek.

Ikertzaileek, ordea, beste urrats bat eman nahi izan zuten hegakortasunaren analisian, eta erregulazioaren eragina aztertu zuten, alegia, zer eragin duten energia berriztagarria sortzeko instalazioak jartzea arautzen eta diruz laguntzen dituzten politikek. "Erregulazioaren esparrua oso garrantzitsua da merkatu elektrikoan, eta, gainera, Europako direktibek zuzenean eragiten diote. Alderdi horretan ziurgabetasuna egon den garaietan elektrizitatearen prezioaren hegakortasuna handitu ote den ikusi nahi izan dugu", dio Ciarretak. Horretarako, "eredu estatistiko bat sortu genuen Espainiako merkatu elektrikoak 16 urtean izandako prezioekin", hegakortasuna zer adierazleren arabera aldatu zen ikusteko.

HEGAKORTASUN HANDIAGOA ERREGULAZIOAREN ZIURGABETASUNARI LOTUTA

Datuen analisi estatistikoak agerian utzi zuen "hegakortasun-multzoak edo -klusterrak sortu zirela, hain zuzen, Espainiako erregulazio-esparruan ziurgabetasuna egon zen garaian". Ekonomiako doktoreak nabarmendu duenez, "zenbait aldi bereiz daitezke" azterlanean kontuan izan zuten tartean, 2002 eta 2017 urteen artekoan: "Batzuetan egonkortasun handia egon zen erregulazioaren esparruan. Hala izan zen, adibidez, 2007. urtetik 2012. urtera, non dirulaguntza zuzenak eskaintzen ziren energia elektriko berriztagarria sortzearen truke. 2012. urtean, ordea, aldaketa etorri zen, eta 2014. urtera arte ez zen egonkortu. Bada, erregulazioan ziurtasunik egon ez zen tarte horretan bertan izan zen hegakortasunik handiena elektrizitatearen prezioetan. Eta hegakortasun horrek ez du inongo loturarik energia berriztagarrien berezko aldizkakotasunarekin eta horrek sortzen duen hegakortasunarekin. Eragile ekonomikoak askoz gehiago asaldatzen dira politika arautzaileei lotutako ziurgabetasunaren eraginez".

Aipatutako erregulazio ez ziurreko aldia zenbait faktorek eragin zuten, Ciarretak deskribatu duenez: "2010. urtetik aurrera, krisialdi ekonomikoa merkatu elektrikora iritsi zen, eta krisialdia areagotu egin zen aurreko epealdian egon zen defizit-hazkundearen eraginez. Izan ere, berriztagarrien finantziazioa hain handia zen, BPGaren ia % 3 izatera iritsi zen. Gainera, Europako Batasuna presioa egiten ari zitzaion Espainiari defizit hori kontrola zezan".

Egoera horretan, gobernu berria saiatu zen energia berriztagarriak sustatzeko sistema berri bat antolatzen. Izan ere, bestalde, CO2-isuriak gutxitzeko helburua bete behar zuen Espainiak. Bi urte behar izan zituen sistema berria aurkitu eta ezartzeko, eta indarrean jarritakoan, ziurtasuna itzuli zen merkatuetara. "Erregulazio-sistema berriaren itzulkin-tasa txikiagoa da, eta ezarritakoarekin ados egon zaitezke edo ez, baina ikusi dugu horrek ez diola eragiten elektrizitatearen prezioaren hegakortasunari, askoz eragin handiagoa du ziurgabetasunak. Inbertitzaileak seguruago sentitzen dira arauak zein diren jakinda —dio ikertzaileak—. Eta, azken buruan, herritarroi ere eragiten digu horrek, gehienok kontratatuta ditugun tarifak eguneroko merkatu-prezioaren araberakoak baitira", gaineratu du.

Ikertzailearen iritziz, egindako azterketaren emaitzen aurrean "erregulatzaileek egoeraren ardura hartu beharko lukete, eta ez lituzkete arinkeriaz egin beharko aldaketak erregulazioetan, ahal bezain egonkorrak izan daitezen. Eta aldaketaren bat egin behar badute, eragileei erreakzionatzeko aukera emanez egin ditzatela, merkatu elektrikoetan ziurgabetasuna sar ez dadin".