13.087 lagunek hartu zuten parte urtarrilean eta otsailean egin zen 2020ko aurrekontu irekien aukeraketa fasean. Bertan, 12 proiekturen artean egin behar zuten aukeraketa Gipuzkoako herritarrek, eta hauek izan dira egitasmorik bozkatuenak: gaixotasun larrien aurkako ikerketa, klimarekiko konpromisoa, indarkeria matxista prebenitzea gazteen artean, gizarte bazterketako egoeran dauden pertsonentzako arreta zentroa eta bertako produktuen kontsumoa sustatzea. Eider Mendoza foru bozeramalean ekimenaren balorazioa oso positiboa egin du: "Partaidetzaren aldeko apustua irmoa egiten ari da Foru Aldundia, bultzatzen dugun gobernantza ereduaren zutabe garrantzitsua delako, eta aurrekontu irekien ekimen hau testuinguru horretan lerratzen da".

Foru arduraduna hedabideen aurrean agertu da, gaur goizean egin den Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Bertan eman ditu aurrekontu irekien aukeraketa fasean xehetasunak. Azaldu duenez, ekimenaren jomuga Herritarren Partaidetzari buruzko 5/2018 Foru Arauak eta Etorkizuna Eraikiz ereduak jasotako helburuak betearaztea da: gizartearen parte hartzea sustatzea, lurraldeak gaur eta bihar izango dituen etorkizunak identifikatzeko; emakume eta gizonen arteko berdintasun baldintzetan; herritarren eskubide demokratikoak garatzea; eta politika eta administrazio publiko eraginkorrago eta herritarrekiko gertuago daudenak lortzea. "Politika egiteko modu berri batean sinesten dugu, herritarrengandik gertuago kokatuko gaituena, eta norabide horretan doa hau. Eta, gaur aurkeztu ditugun emaitzak esku artean, uste dugu helburua lortu dugula", gaineratu du.

Mendozak gogoratu duenez, Aldundia pasa den legealditik dabil aurrekontu irekiekin lanean. 2020ko aurrekontu irekiekin, berriz, 2019ko martxoan hasi zen: "Orduan herritarren proposamenak jasotzeko fasea egin genuen, 2020ko aurrekontu irekien lehenengo fasea izan zena. 1.083 ekarpen jaso ziren bertan". Ondoren, martxotik aurtengo urtarrilera bitartean, etxe barruko lana egin zuen foru erakundeak, "jasotako proposamenak aztertu, garbitu eta proiektuei forma ematea". Ariketa honetan 12 proiektu aukeratu ziren eta, gero, urtarrila amaieran eta otsaila hasieran aukeraketa fasea egin zen: eskuorriak buzoneatu ziren etxe guztietara, web orria martxan jarri zen, aurrez aurreko topaketak egin...

Prozesu honetan, herritarrek 12 proiektu horietatik 6 aukeratu dituzte baina, Mendozak azaldu duenez, 6 horietako bat zalantzan dago, COVID-19 gaitzak eragin duen egoera dela eta. Izan ere, Izango zara beken nazioartekotzeko lerroa irekitzea proposatzen zuen deialdia horrek, eta estatuz gaindiko mugikortasuna duenez ardatz, "une hauetan eta pandemiak jarraitzen duen bitartean ezinezkoa egingo zaigu aurrera eramatea". COVID-19aren krisiak ere izan du bestelako eraginik aurrekontu irekietan, erdira murriztu behar izan baitu hasieran aurreikusten zuen aurrekontua. Hau da, 1,2 milioitatik 600.000 eurotara. "Hala ere, argi utzi nahi dut aukeratutako proiektuek aurrera jarraitzen dutela, batzuen kasuan baliteke egutegia zertxobait atzeratzea, baina ekimenak aurrera segitzen du", berretsi du foru diputatuak, datorren urteko aurrekontuei begira ere prozesua martxan jarriko dela aurreratuz, "errealitate berrira egokituta betiere".

1. Gaixotasun Larrien aurkako Ikerketa: 9.417 bozka- Definizioa: gaixotasun larrien aurkako ikerketa babestea laguntza lerroa: minbizia, alzheimerra...- Helburua: ikerketa taldeei babesa ematea, langile gehiago edota ekipamendu teknologiko hobeagoa lortzeko, gaixotasun larriei aurre egiteko ikerketetan aurrerapausoak emateko.- Nola egingo da: deialdi irekia egingo da, gaixotasun larriak ikertzen ari diren talde ezberdinek beraien proiektu eta beharrak aurkeztu ditzaten; honela, laguntza honek esku artean dituzten proiektuak indartzeko eta ikerketa lerro berriak irekitzen lagunduko du.2. Klimarekiko konpromisoa proiektua: 8.372 bozka- Definizioa: klimaren konpromisoa duten hiritarren liga eratzea- Helburua: Gipuzkoako herritarrekin elkarlanean aritzea, klima aldaketaren kontrako ekintza eraginkor eta tokikoak martxan jartzeko, eta honi esker guztion artean Gipuzkoa erresilentea eraikitzeko.- Nola egingo da: Gipuzkoako herri ezberdinetan herritarrak aukeratuko dira, eta zenbait erronka planteatuko zaizkie klima aldaketari aurre egiteko (zuhaitz bat landatzea, produktuen kontsumoa...). Honela, herritar hauek sentsibilizatu eta formakuntza emango zaie, beraien egunerokotasunean klima aldaketari aurre egiteko.3. Indarkeria matxista prebenitzea gazteen artean: 7.618 bozka- Definizioa: indarkeria matxistaren prebentzioa Gipuzkoako haur eta nerabeekin, hezkidetza tresna baliatuz.- Helburua: ikus-entzunezko materialaz baliatuz haur eta gazteengan indarkeria matxista gaia lantzea; indarkeria matxistarekiko jarrera kritikoa eta aktiboa sustatze aldera.- Nola egingo da: hezkidetzak, arlo estrategiko gisa, haur eta nerabeen heziketan eragitea du helburu, hauek belaunaldi berrietan etorkizunerako nahi dugun gizarte ereduaren giltzarria baitira. Gazteentzat erakargarriak diren ikus-entzunezko materialak sortuko dira gazteengan lortu nahi diren emaitzak era eraginkorrean lortzeko. Gero ikastetxetan eta gazteei zuzendutako udal ekipamenduetan hedatuko dira. Lehen hezkuntzako haurrei (9-12 urte) dago zuzenduta.4. Gizarte bazterketako egoeran dauden pertsonen arretarako zentroa: 6.520 bozka- Definizioa: gizarte bazterketako egoeran dauden pertsonen arretarako zentro berria sortzea.- Helburua: gizarte bazterketako egoeran dauden pertsonei ostatu zerbitzu bat eskaintzea, intentsitate ertaineko eta handiko laguntza orokorrekin, batez ere laguntza eta babes funtzioa betetzeko eta, hala badagokio, kalteak murrizteko. Pertsonaren garapena, integrazioa, herritartasun aktiboa eta ingurunean parte hartzea bultzatzea.- Nola egingo da: Donostiako San Juan de Diosen dagoen eraikin bat birmoldatzea proposatzen da lurralde osoa hartuko duen arreta integraleko egoitza zentro bat egiteko; gainera, modulu espezifiko bat izango du bazterketa edo babesgabetasun egoeran edo horretarako arriskuan dauden emakumeentzat. Gauez eta egunez 24 plaza eskaintzeko gaitasuna izango luke ekimenak.5. Bertako produktuen kontsumoa sustatzea: 6.453 bozka- Definizioa: bertako produktuen kontsumoa sustatzeko proiektu pilotua.- Helburua: Gipuzkoako gizarteari bertako produktu osasungarriak eskaintzea, lurraldeko lehen mailako sektorea indartzea eta landa inguruneak Gipuzkoako gizarteari eskaintzen dizkion onurez sentsibilizatzea.- Nola egingo da: ekoizleen edo baserritarren eskaintza egituratzea, prezioak ezartzea, eta hornidura eta kontsumo bermeak eskaintzea. Komunikazio eta sentsibilizazio kanpainak garatzea, hurbileko produktuen kontsumoa sustatzeko. Banatzea gure baserrietan landu, ekoiztu edo landutako produktuak hirugarren adinekoen zentroetan, egoitzetan, eta foru titulartasuneko aterpetxeetan, eta baita ere Aldundian bertan, bere ekitaldietarako.

Partaidetza 2018-2019

Bestalde, eta partaidetzarekin lotuta baita ere, gaurko Kontseiluan Herritarren Partaidetza Gipuzkoan 2018-2019 bilduma aurkeztu da, liburu formatuan editatu dena. Bilduma honek, Gipuzkoan azken urtetan egin diren partaidetza prozesu eta ekimen ezberdinen mapa osatzen du. "Udalerriek zein elkarteek eta, noski, Gipuzkoako Foru Aldundiak berak azken urteetan sustatu eta martxan jarri dituzten partaidetza ekimenak jasotzen dira bertan", esan du Eider Mendozak.

"Bilduma honek, eta lehen aipatu dugun aurrekontu irekien ekimenak, Gipuzkoako Foru Aldundiak partaidetzaren arloari ematen dion garrantziaren erakusle dira. Izan ere, pasa den legealditik ari gara erakundeak, eta batez ere Etorkizuna Eraikiz ekimenaren bitartez, gobernantza eredu berri baten alde lanean: irekiagoa, eta lankidetzazkoa", gogoratu du bozeramaileak. "Gobernantza eredu berri honen bitartez, gizartea gerturatu nahi dugu zerbitzu publikoen kudeaketara. Etorkizuneko erronkei denon artean erantzun, elkarlana sustatu, iritzi trukaketarako espazio berriak ireki lurraldeko eragile nagusiekin... eta gizartearen entzute aktiboa indartu eta partaidetza bide berriak ireki", amaitu du.