Etorkizun oparoa duen goi-mailako zikloa da Akuakultura eta Elikagai industria. COVID-19aren ondorioz sortu den egoera dela eta, zikloa ezagutzeko aukerak jaitsi egin dira. Horregatik, Kardalak Zure etorkizuna arrantzatu! kanpaina berritzailea jarri du martxan. Eskolan aurrematrikula egiteko epea ekainaren 1ean zabaldu zen eta datorren ostiralera arte, ekainak 19, egongo da irekita.

"Guk akuakultura etorkizuna dela pentsatzen dugu. Azken finean, itsasoari asko eskatzen ari gara: gero eta arrain gehiago kontsumi-tzen dugu eta itsasoan ez dago hainbeste", azaldu zion atzo egunkari honi Esti Azkue Kardalako irakasleak. "Imajinatu dezagun jaten dugun haragi guztia ehizatu beharko bagenu. Gaur egun, pentsaezina da eta horretarako dago abeltzaintza", gaineratu zuen.

Zentzu horretan, akuakulturak etorkizun hurbil batean funtzio hori izango duela uste dute Kardalan: "Akuakultura uretako abeltzaintza izango da eta guk kontsumituko ditugun elikagai horiek modu seguruan ekoiztuko dituen industria izango da", nabarmendu zuen Azkuek.

Gaur egun, Kardala LHII: Akuakultura eta Elikagai industriakLanbide Heziketako (LH) ikastetxe integratu publikoa da eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko LH sailburuordetzak duen Lanbide Heziketako ikastetxe integratuen sarean barneratuta dago.

Ikastetxea 2015ean sortu bazen ere, lehen Mutriku BHIren baitan zegoen mintegi bat zen eta hor hasi ziren gaur egun goi-mailako eskola dena sortzeko bidea egiten. Kardala Euskal Herrian ikasketa hauek eskaintzen dituen zentro bakarra da. Estatu mailan bost bakarrik daude eta ipar isurialdean gertuen aurkitzen dena Galizian dago kokatuta.

Ikasle kopuruari dagokionez, talde txikietan egiten dute lan. "Gure-tzat onena hamabi ikasle inguruko taldeak izatea da. Arreta pertsonalizatua emateari garrantzi handia ematen diogu eta oso praktikoa denez (gure orduen %70a praktikoak dira), ikasgai praktiko horiek ondo eman ahal izateko, talde txikiak izan behar dira", azaldu zuen Azkuek.

Ikasgaietan teoria ikasten den arren, batez ere praktiken bidez bideratzen dira akuakulturako ezagutzak Kardalan. Ikasgai bakoitzari lotutako praktikak egiten dituzte. Adibidez, moluskuen ikasgaian moluskuen hazkuntza egiten dute; arrainen ikasgaian, aldiz, arrainena eta horretarako instalazio paregabeak dituzte.

"Arrain horiek hemen dauzkagu; beraz, instalazioen mantenua, elikatzea, osasuna zaintzea, arazoak daudenean konpontzea, uraren tratamenduak eta horrelako gauzak ikasten dituzte", azaldu zuen. Kardala espezie desberdinak dauden "haztegi bat bezalakoa" da, eta ikasleek haztegi hori aurrera eramaten dute.

Kardalak Erasmus programa eskaintzen du, ikasleek euren ikasketak denboraldi batez atzerrian burutu ditzaten. "Gure ikasle gehienak Erasmus programan parte hartzera animatzen dira eta animatzen denak normalean lekua lortzen du", nabarmendu zuen Azkuek. Ikasleak beraien etorkizun profesionala nora zuzendu nahi duten kontuan hartuta erabakitzen dute bidaiatzeko herrialdea eta Kardala etorkizun profesional horrekin erlazionatutako praktikak aurkitzen saiatzen da atzerrian.

Goi-mailako zikloa amaitzen denean Euskal Herrian lana egitea zaila izaten da ikasleentzat, produkzio enpresa askorik ez dagoelako gaur egun eta akuakulturan lan egiteko Soriara edo Huescara joateko aukera eskaintzen diete, esaterako.

Euskal Herrian, batez ere, ikasleek akuariologia arloan egiten dute lan. Gainera, ikerketa enpresa askok arrainak hartu dituzte ikerketa desberdinak egiteko, zebra arraina kasu. "Beraz, akuario txiki horiek guztiak zaintzeko jendea behar da eta hor gure ikasleek leku garrantzitsua dute".

Horrez gain, akuorologia dendetan eta orokorrean, uraren tratamenduarekin zerikusia duten enpresetan ere kontratazen dituzte bertako ikasleak. "Nahiz eta agian akuakulturarekin lotura zuzena ez izan, uraren tratamenduak oso ondo ezagutzen dituztenez, hor ere leku indartsua dute", zehaztu zuen Kardalako irakasleak.

Epea. Mutrikuko Kardala LHII Akuakultura Eskolan aurrematrikula egiteko epea ekainaren 1etik 19ra dago zabalik.

Lekua. Aurrematrikula egiteko zentroarekin harremanetan jarri beharko dute interesatuek. Horretarako, idazkaritza@kardalalhii.net helbidera email bat ida-tzi edo 943607137 telefonora deitu beharko da.

Webgunea. Zikloari buruz informazio gehiago lortzeko, www.mutrikuakuakultura.hezkuntza.net webgunea bisitatu daiteke.

Euskal Herrian ikasketa hauek eskaintzen dituen zentro bakarra da Kardala LHII Akuakultura Eskola eta Estatu mailan bost daude