- Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Iparraldeko Euskararen Bulego Publikoak hizkuntza politikaren arloan modu koordinatuan lan egiten jarraitzeko konpromisoa berritu zuten atzo Iruñean, Hiruko Ituna izeneko hitzarmenean. Nafarroako Jauregian, hiru erakundeek 2017ko hitzarmenetik eratorritako aurtengo jarduera-plana aurkeztu zuten. Egitasmoa bost arlotan garatuko da: helduei euskara irakastea; euskararen erabilera bultzatzea; euskararen aldeko hausnarketa bultzatzea; euskararen ikerketak eta corpusa, eta lankidetza Europa mailan. Hitzarmena prentsaurrekoan aurkeztu zuten Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako sailburuak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Beñat Arrabit Euskararen Erakunde Publikoko presidenteak. Ollok aurreko legealditik datorren konpromisoa zela azpimarratu zuen, "altxor bat" partekatzen duten hiru lurraldeen arteko "lankidetzaren eta harreman normalizatuaren" aldeko apustua eginez. "Inguruko komunitateen arteko lankidetza naturala, tamalez, garai batean horrela izan ez bazen ere".

Ildo beretik aipatu zuen Zupiriak "harreman naturala eta batez ere eraginkorra nahi dugu, komunitate bakoitzak euskara bultzatzeko aukeratu duen erritmoa uneoro errespetatuz".

Azpimarratu zuen euskararen komunitatea euskara komunikazio-tresna gisa erabiltzen dutenek osa-tzen dutela, bizi diren tokian bizi direla, eta "herritar horiei bultzada eta babesa" ematen diela akordio honek.

2017-2021 bitarteko esparru-hitzarmenak honako helburuak ditu: hizkuntza-politikarekin lotutako gaietan mugaz gaindiko lankidetza garatzea, Euskal Herriko hiru erakundeen arteko harremanak gara-tzen jarraitzea, eta jardunbide egokiak trukatzea. 2020ko eranskinean jasotako ekintzetako batzuengan eragin zuzena izan du COVID-19aren krisialdiak; esate baterako, ikasleen arteko trukaketak atzeratu egingo dira osasun-baldintzek hala gomendatu bitartean.

Hezkuntzaren alorrean hainbat gai aztertuko dituzte: hiru lurraldeen artean ikasleak trukatzeko premia, ikasketak euskaraz jarraitu nahi dituzten ikasleak EAEko unibertsitateetan sartzeko modalitateak zehaztu, eta Euroguneko unibertsitateekin lankidetzan diplomak edota titulu binazionalak sortzeko zer aukera dagoen.

Helduei euskara irakasteari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak arlo horretan garatu duen oinarrizko curriculuma Nafarroara nola egokitu aztertuko da, eta hizkuntza-gaitasunen ziurtagiriari dagokionez, erkidego bakoitzeko ziurtagiriak aztertuko dituzte, sistema batera-tzeko edota baliozkotzeko asmoz.

Euskara eta aisialdiari dagokionez, haur eta gazteei zuzendutako kirol eta aisialdi ekimenei buruzko berritasunak elkar trukatuko dituzte, eta egoerak ahalbidetuko balu, euskaraz mugaz gaindiko egonaldi proiektu bat antolatzeko aukera aztertuko dute.

Ingurune digitaleko euskarari dagokionez, dauden baliabideak bateratzen jarraituko da, eta Interneten euskararen presentzia indar-tzen, bereziki euskarazko Wikipedia proiektuaren bidez.

Amaitzeko, eremu sozioekonomikoan, euskara sustatzeko indarrean dauden jardueren diagnostikoa egingo da, eta enpresei laguntzeko lanabesak zehaztuko dira, beti ere, lurralde bakoitzeko errealitatea kontuan hartuta.