-Alberto Sololuzeren eta Joaquin Beltranen bilaketak etenik gabe jarraitzen du Zaldibarko zabortegian, luizia gertatu zenetik lau hilabete bete direnean. Bi gorpuen bilaketa-gunea mugatzen duten bitartean, eraispena eztabaida politikora itzuli da, Europako Batzordeak irekiko duen ikerketagatik eta hauteskundeen aurre-kanpainagatik.

Virginijus Sinkevicius Europako Ingurumen komisarioak maiatzaren 13an PPko eta Csko eurodiputatuek egindako galderei erantzunez, zabortegian “akats garrantzitsuak” zeudela aipatu zuen, eta kasua aztertuko zuela, “larria” iruditzen zitzaiolako.

Eusko Jaurlaritzak, lehendakaria buru zuela, Europako Batzordea kritikatu zuen eurodiputatuen bertsioa ontzat eman zuelako eta ez zitzaiolako kontsultarik egin, nahiz eta Bruselara gutun bat bidali lankidetza eskainiz. Bien bitartean, bi langileak aurkitzeko lanekin etengabe jarraitzen dute zabortegian. Behealdea hustu ondoren, orain lanak goialdean egiten ari dira; behin egonkortasuna finkatu ondoren, gorpuak egon daitezkeela uste den eremura hurbiltzen ari da bilaketa.

Otsailaren 6a. Lur-mugimendua gertatu zen, Zaldibarko Verter Recycling enpresaren zabortegi pribatuan. Urbanoak ez ziren hondakinak jasotzen zituen, alegia, eraikuntza-materialak, siderurgia-hondakinak, papertegietako lohiak...

Lehen egunetik baieztatu zen bi langile lurperatuta zeudela. Erreskate saiakerak ostegun hartan bertan egin zituzten suhiltzaileek eta er-tzainek, palak eskuan hartuta, baina amiantoaren presentziak bilaketa bertan behera utzi zuen.

Otsailaren 8 eta 9a. Etsipenak jo zituen familiak, erreskatea egiteko ezintasunaz jabetu, eta Eusko Jaurlaritzak eta enpresa jabeak apenas berririk ematen zutelako.

Otsailaren 11a. Asteartean, Durangoko Epaitegiak izapideak ireki zituen erorketa ikertzeko, nahiz eta oraindik inork ez dakien zer ikerketa agindu dituen.

Otsailaren 12a. Lehendakaria zabortegira joan zen eta desagertuen familiekin egon zen. Bi alderdiek tira-birak izan dituzte, tartean Eusko Jaurlaritzaren kontrako adierazpideak ere izan direlarik. Azken hilabetean, ordea, desagertutakoen senitartekoak zabortegira joan izan dira, eta bertan azaldu diete zer lanetan dabiltzan.

Otsailaren 14a. Egindako analisiek dioxinak antzeman zituzten airean, normalak baino berrogei aldiz handiagoko proportzioan; zabortegiko suetan sortutakoak omen. Handik astebetera itzali ziren.

Otsailaren 19a. Eusko Jaurlaritza hainbat autonomia-erkidegorekin harremanetan jarri zen, enpresek Zaldibarren botatzen zituzten hondakinak lekualdatzeko, Euskadiko zabortegien edukiera falta zela eta. Horrela, oraindik ere mahai gainean dagoen arazo bat plazaratu zen.

Martxoaren 14a. Alerta egoera ezarri zen, zabortegiko lanak ere motelduz. Handik 15 egunera, errendimendu betean jarraitzeko baimena eman zitzaien, eta harrez gero hamabi makina eta ehun pertsona baino gehiagorekin lanean jarraitzen dute egunero.

Apirilaren 5a. Alberto Sololuceren autoa aurkitu zuten.

Apirilaren 8a. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak txosten bat eskatu zien hiru adituri, luiziaren arrazoiak zehaztu ahal izateko; baita auditoria bat ere aholkularitza-enpresa britainiar bati.

Maiatzaren 13a. Europako Batzordearen ikerketa-iragarpena.

Gaur. Manifestazioak egingo dituzte zabortegi ondoko herrietan, Ermuan, Eibarren eta Zaldibarren bertan, lurperatutako langileen omenez.