- Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak epaitegien geldialdia gainditzeko sortu zuen COVID-19ren Jarraipen Batzordeak hartutako erabakiek aurrerapen handiak ekarri dituzte modernizazioan, epaile, fiskal eta funtzionarioentzako telelana bultzatuz, Justizia Jauregietatik kanpo deklarazioa hartzeko konexioak eginez, eta espediente digitalak ere garatuz.

Batzorde horrek maiatzaren 28an hedabideei emandako bileraren aktak jasotzen duenez, osasun krisiak eta alarma egoerak informatika judizialeko zerbitzuekin lotutako hiru proiektu abian jartzera behartu ditu.

Lehenengoa telelanaren sistema ezartzeari buruzkoa da. Egitasmo horrek 650 ordenagailu eramangarri arinen erosketa ekarri du, langunera urrutitik sartu ahal izateko, eta 500.000 euroko inbertsioa suposatu du.

Ekainean hasi eta uztaileko lehen hamabostaldira bitartean hornituko dira epaileentzako, fiskalen-tzako, Justizia Administrazioko abokatuentzako eta gainerako langileentzako ekipoak, behin fabrikatzaileen biltegiratze eskasiaren egoera gainditu ondoren.

Dagoeneko martxan dagoen bigarren proiektua espediente judizial elektronikoaren erabilgarritasuna da. Alor honetan, Batzorde Iraunkorra pozik agertu da Eusko Jaurlaritzarekin lortutako hitzarmenarekin; akordio horri esker, lan sistema berriarekin lanean hasi dira, alarma egoerak eragindako epaitegien gelditzea gaindituz.

COVID-19ren menpean abiarazitako hirugarren proiektua bideo-grabazioko pantailak eta jarduera judizialen garapen telematikoa ahalbidetzen duten aplikazioak berritzeko IKUSBI egitasmoa da.

Getxoko Justizia Jauregian plan pilotu bat jarri da martxan bideo-grabazioko pantailak ezartzeko bistak egiteko aretoetan, erabilera anitzeko espazioetan eta guardiako zerbitzuetan; ekainaren 8tik ondorengo bi asteetan Balmaseda, Amurrio eta Azpeitiko epaitegietan ere ezarriko dira.

Iragarritakoaren arabera, iraileko lehen asteetan hornituko dituzte Donostiako, Gipuzkoako gainerakoak eta Bilboko justizia jauregiak ere.

Pantaila horiek aukera ematen dute prozesu kudeaketako sisteman integratzeko, adibidez bideozko dokumentuak, eta epaitegietatik kanpoko konexioak ere ahalbidetzen dituzte, esate baterako, abokatu baten edo fiskal baten bulegotatik egindako deklarazioak.

"Pandemiak mesede egin digu azpiegitura informatikoan genituen gabezia handi batzuk konpontzeko bidean jartzerako orduan", esan zuen atzo Juan Luis Ibarra EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak.

Berez, ostegun honetan, ekainaren 4an, itzuliko dira Justizia Jauregiak normaltasunera, nahiz eta ekainaren 8ra arte langile guztiak ez diren epaitegietara itzuliko goizeko eta arratsaldeko txandetan; astearte horretan bertan hasiko dira koronabirusak atzeratutako epaiketen data berriak zehazten.

Epaiketa horietarako, bista aretoak eta erabilera anitzeko aretoak erabili ahal izango dira; izan ere, denak elkarrekin konektatuta egongo baitira. Beraz, lekukoek sala desberdinetan deklaratu ahal izango dute, kutsatzea saihesten duten distantzia eskakizunak bermatu ahal izateko.

"Ikaragarri falta zaigu" epaiketak modu telematikoan egitea lortu arte, baina "asko aurreratu da"; bide batez, "espediente judizial elektronikoaren helburu estrategikoan ere aurrerapauso nabarmenak eman ditugu", azaldu du Ibarrak amaitzeko.