- Koronabirusaren pandemiak eragindako alarma-egoeran ezarritako konfinamenduan % 36 murriztu dira emakumeen aurkako erasoengatiko salaketak Euskadin martxoaren bigarren hamabostaldian, eta % 25,7 apirilean, alegia, etxean behartuta egon beharreko lehen hilabete osoan, Emakumearen Euskal Erakundeak emandako datuen arabera.

Zehazki, martxoaren 16an konfinamendua ezarri zenetik hilaren amaierara arte emakumeen aurkako 142 eraso zenbatu ziren, aurreko urteko denbora tarte berean 222 eraso izan zirenean, emakumeen aurkako hiru indarkeria-motak murriztu zirelarik.

Sexu-askatasunaren aurkako delituak hamabost izatetik zortzira pasa ziren (-% 46,6), eta bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeriak salaketak ere nabarmen murriztu ziren: 167 izan ziren iaz, eta 105, berriz, martxoaren bigarren hamabostaldian (-%37). Era berean, familia barruko indarkeria %27,5 jaitsi zen (2019an 40 eraso erta aurten 29).

Emakumeen aurkako indarkeria-kasuen beherakada arindu egin zen apirilean, %25,7an gera-tzeraino; 312 eraso zenbatu ziren, iazko laugarren hilabeteko 420ren aurrean.

Bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeria salaketak 230 izan ziren, aurreko urteko 328ren aldean, beraz, %30eko beherakada izan da hauetan ere. Familia barruko indarkeria kasuak (bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindakoa ez direnak) 69 izan ziren, iazko 76rekin alderatuz (-%9,2).

Azkenik, sexu-askatasunaren aurkako delituek ere %18,7 behera egin zuten apirilean; hamahiru salaketa aurkeztu baitziren 2019ko hilabete bereko 16ekin alderatuz.