- Osasuna Euskal Autonomia Ekidegoko lau arazo nagusien artean dago lehen aldiz, Deustuko Unibertsitateak egindako DeustoBarometro Social inkestaren arabera. Honen bidez, euskal herritarrek koronabirusaren krisiaren inguruan dituzten jarrera eta pertzepzioak aztertu dira.

Gauzak horrela, zabaldu berri den lan horren arabera, euskal herritarren kezka nagusia COVID-19aren pandemiaren osasun ondorioak dira (%62,5). Osasunaren atzetik, lan baldintzak daude inkestan eskuratutako datuei erreperatuz (%14,1); Internet bidez egin da, maiatzaren 5etik 15era bitartean, eta, 1.004 lagunek hartu dute parte. Azken hilabeteetan kontaktu fisikoa ekiditeko alternatiba gisa etxetik lan egin dute pertsona askok. Zentzu horretan, herritar gehienak (%54) telelana orokortzearen aldekoak dira, metodo honek produktibitatea areagotzen duela eta kontziliazioa hobetzen duela argudiatuz. Telelana egin dutenen kasuan, portzentaia %70era igotzen da. Alabaina, inkestan parte hartu dutenen %25,2k etxean lan egitearen ondorioz lanorduak gehitu egiten direla deritzote. Era berean, horrek familiarekin egoteko behar baino denbora gehiago kentzen du.

Beste arazoetako bat ikastetxeen itxiera izan da, Internet bidezko eskoletara egokitzea ez baita erraza izan familientzat. Gurasoen %60k uste dute etxerako lanak egiterako orduan haurrek laguntza gehiegi behar izan dutela euren partetik. Halaber, gehienek (%66,6) irakasleen babes handiagoa beharko luketela uste dute.

Gastu publikoaren balizko murrizketen inguruan plazaratutako galderan, inkestatuek bost marra gorri azpimarratu dituzte. Hauetan, haien aburuz, ez litzateke inolako murrizketarik egin behar: osasunean (%79), hezkuntzan (%65), pentsioetan (%63), langabezia prestazioetan (%39) eta zientzia, ikerketa eta garapenerako inbertsioetan (%38).

20.00etako txaloei dagokienez, %57k adierazi dute konfinamenduan zehar osasun sektoreko langileak txalotu dituztela. Horrez gainera, etxean sentimendu positiboak negatiboengandik gailendu dira oro har, nahiz eta %70k momenturen batean beldurra pasatu dutela aintzatetsi duten. Konfinamendua betetzeko arrazoi nagusiaren kasuan, herritarren %73,5k kezkarik handiena kutsatzea zela aitortu dute. Horrekin batera, %81,2k diote familiako inor ez dela gaixorik egon eta momentu honetan ez dagoela; %15,4k inguruko norbait gaixorik egon dela azaleratu dute, eta %3,5ek gertuko senideren bat galdu dute. Azkenik, etorkizunera begira koronabirusa baino hilgarriagoa izango den gaixotasun bat agertzeko aukeraren inguruan, %39,8k uste dute litekeena dela hala gertatzea.