- Aurrez aurreko klaseak eta barnetegiak zabalduko dituzte berriro udan euskaltegiek, osasun-neurriak hartuta eta normaltasun berri honetara egokituta.

Gainerako ikaskuntza zentroen modura, euskaltegiek eta barnetegiek ere martxoaren erdialdean ateak itxi eta online jarraitu behar izan zuten lanean. Ohiko ikasturtea jada modu horretan bukatuko dute kasu gehienetan, berez ekainean eskola presentzialak eskain-tzeko aukera izan arren. AEKren kasua da hori: Euskal Herri osoan 13.000 ikasle inguru biltzen ditu bere euskaltegi sareak. Tutoretza saioren bat edo bestelakorik izan daiteke datozen asteotan (azterketak prestatzeko saio bereziak...), euskaltegi asko berriro zabalduko baitituzte ekainean aurrez aurreko arreta eskaintzeko.

Badaude, hala ere, ekainean bertan saio presentzialak eskainiko dituztenak ikasturtea amaitzeko, Donostiako Ilazki edo Urumea kasu: maskara jarrita, gel hidroalkoholikoa ondoan eta behar diren distan-tziak mantentzen direla bermatuta.

Aurrez aurreko saioak udako ikastaroetan orokortuko dira berriro. Talde bakoitzeko ikasle kopurua mantendu nahiko luketela dio AEK-k, distantziak bermatzeko espazio handiagoak bilatuz beharrezkoa balitz (aretoak edo gela zabalenak erabilita...). Txandaka antolatzeko aukera egon daitekeela ere uste dute, taldea bi multzotan banatuta. Euskaltegi bakoitzaren eta ikasle kopuruaren arabera moldatzen joango dira orokorrean.

Udako ikastaroak, hala, nolabait datorren ikasturterako prestaketa moduan ere baliatuko dituzte, eguneroko saioak eta lan egiteko modua moldatzen joateko. Izan ere, datorren ikasturtea normaltasunez abia-tzeko asmoa dute (osasun-neurriak hartuta). Aurrematrikulazio kanpaina zabalik dute jada AEKn eta aurrez aurreko saioetarako "gogoa" badagoela sumatu dutenez, baikor daude. Dena den, eta egoera ikusita, online ikastaroen eskaintza handitu dute uda honetarako. Autoikaskuntza eta eredu konbinatua (autoikaskuntza eta aurrez aurreko saioak batera) ere eskaintzen zituzten aurretik ere.

AEKren kasuan, uda honetako barnetegiak bertan behera uztea erabaki dute, antolaketa bihurriegia eta konplexuegia zelako. Zalantza izan zuten agian Urepelekoa antolatzeko aukera izango zutela pentsatuta, Frantziako Estatuko arauak ez datozelako guztiz bat Hegoaldekoekin, baina azkenean hura ere bertan behera uztea erabaki behar izan dute (Iparraldean ere euskaltegietan izango dira udako ikastaroak).

Beste kasu batzuetan, berriz, barnetegira joateko aukera hori eskainiko dute. Lazkaoko Maizpidek, esaterako, ateak zabalduko ditu berriro ekainaren 29an. Moldaketak egin behar izan dituzte eta ikasle gutxiago arituko dira osasun-neurriak betetzeko (logeletan, adibidez), baina udako sei txandak prestatzen ari dira dagoeneko, bakoitza 15 egunekoa. Matrikula garaian daude oraindik eta ikusi beharko dute zenbatek eman nahi duten izena, baina momentuz interesa badagoela an-tzeman dutela diote.

Maizpidek 1988n zabaldu zituen ateak eta ordutik urtero-urtero asko dira Lazkaora jotzen duten ikasleak, batez ere udako egonaldietan.

Uda heldu baino lehen, euskaltegi askotan ikasturteko azken txanpa Haberen egiaztatze-azterketak prestatzeko erabiliko dute. Apirilean zen hastekoa prozesua baina eten egin zuten koronabirusarengatik eta orain berrabiatu dute, hori ere moldatuta. Hala, euskaltegietako ikasleek proba bakarra egin beharko dute, idatzizkoa, eta guztiek Barakaldoko BECen egin beharko dute, osasun-neurriak bete ahal izateko.

Azterketak ekainaren 12tik 18ra egingo dituzte, euskaltegietako ikasleek eta baita deialdi irekian izena ematen dutenek ere.

Euskaltegi askotan ikastaroaren azken asteak HABEren egiaztatze-deialdiak prestatzeko baliatuko dituzte

AEKren kasuan, barnetegiak bertan behera uztea erabaki dute, baina Maizpidek ateak zabalduko ditu ekainaren 29an