DONOSTIA - Azken orduetan lau egoitza zentro gehiago geratu dira COVID-19rik gabe Gipuzkoan: Donostiako La Paz eta Aita Etxe, Eibarko Egogain eta Zarauzko Santa Ana. Eider Mendoza foru bozeramaileak Gipuzkoako egoitza sarearen egoeraren inguruko eguneroko balantzean jakinarazi duenez, dagoeneko bederatzi dira birusa atzean utzi duten zentroak eta zazpi dira egun COVID-19 kasu aktiboak dituztenak. Gainera, azken orduetan, eta hirugarren egunez jarraian, ez da kutsatze berririk ezta heriotzarik ere atzeman lurraldeko egoitzetan, eta bederatzi lagunek gehiagok gainditu dute gaixotasuna.

Azken orduetan mediku alta jaso duten pertsonak bizi dira Arrasateko Iturbiden (1), Donostiako Berra (1), La Paz (1) eta Aita Etxen (1), Eibarko Egogainen (4) eta Zarauzko Santa Anan (1). Gaur arte, 348 adineko pertsonek gainditu dute gaixotasuna, 167 zendu dira eta 43k jarraitzen dute diagnostiko positiboarekin, hurrenez hurren, %62,4a, %29,9a eta %7,7a. Positiborekin dauden 43 lagunetatik, bakarra da Donostiako Gurutze Gorriaren zentroan ingresatuta dagoena eta sei daude ospitaleratuta.