DONOSTIA - Azken orduetan, Gipuzkoako egoitzetan bi lagunek gehiagok jaso dute mediku alta, bat zendu da eta beste batek positibo eman du COVID-19n. Eider Mendoza foru bozeramaileak lurraldeko adineko zentroen egoeraren eguneroko balantzean jakinarazi duenez, sendatu diren pertsonak Donostiako La Paz egoitzan eta Zumaiako Otezurin bizi dira. Aldiz, zendu den laguna Arrasateko Iturbideko egoiliarra da.

Gaur arte, Gipuzkoako egoitza sarean, 65 zentroz eta 5.425 plazaz osatuta dagoena, 274 lagunek gainditu dute gaixotasuna, aitzitik, 163 zendu dira eta 112k jarraitzen dute diagnostiko positiboarekin. Bi dira gaurdaino koronabirus positiboak izan ondoren libre geratu diren zentroak, Arangoiti (Beasain) eta Caser Residencial Betharram (Hondarribia). Beraz, 14 dira egun kasu positiboak dituzten egoitzak. 22 lagun Donostiako Gurutze Gorriaren zentro soziosanitarioan artatuak izaten ari dira eta 24 ospitaleratuta daude.

Beste alde batetik, bozeramaileak adierazi du gaur egin direla adineko pertsonen egoitza zentroei zuzendutako falta ziren bi aholkularitza saioak, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta Aita Menniren lankidetzarekin. Saio hauek aurretik Matia Fundazioarekin eta Osakidetzarekin batera emandakoen jarraipena dira. Saio guztiek helburu izan dute egoitza zentroetako ekipoei behar duten laguntza ematea, eta horretarako, galderak eta zalantzak argitzeaz gain, COVID-19ari lotuta hartu diren neurri eta protokoloetan sakontzea eta hauen errepasoa egitea izan da, baita ere kontigentzia planen aplikazioa, zentroen sektorizazioa, barne-zirkuituen kudeaketa, NBEen erabilera eta kentzea, etab.

Gainera, Eider Mendozak gogorarazi du egoitza zentroen garbiketa eta desinfekzio lanek ere aurrera jarraitzen dutela suhiltzaileen, DYAko boluntarioen eta ekipo espezializatuen eskutik. Era horretan, atzo eta gaur artean berriro desinfektatu dira San Andres (Eibar), Caser Residencial Betharram (Hondarribia), Egogain (Eibar), Berra (Donostia), Jose Arana (Eskoriatza), GSR Debagoiena (Aretxabaleta), La Paz (Donostia) eta Caser Residencial Anaka (Irun).