DONOSTIA - Azken egunean ez da hildakorik izan Gipuzkoako adineko pertsonen egoitzetan COVID-19aren eraginez. Eider Mendoza foru bozeramaileak lurraldeko egoitza sarearen balantzea egiterakoan jakinarazi duenez, 21 lagun gehiagok gainditu dute gaixotasuna eta hiruk eman dute positibo. Beraz, 65 zentro eta 5.425 plaza dituen Gipuzkoako egoitza sarean, orain arte 225 lagunek jaso dute mediku alta, hau da, guztira birusarekin kutsatuta egon diren pertsonen %41ak; beste alde batetik, 160 heriotza eman dira eta 163k diagnostiko positiboarekin jarraitzen dute.

Azken orduetan mediku alta jaso duten lagunak Eibarko Egogainen (6), Zumarragako Argixaon (8) eta Ordiziko San Jose egoitzan (7) bizi dira. 15 jarraitzen dute izaten kasu positiboak dituzten adineko egoitzak Gipuzkoan, 27 pertsona daude Donostiako Gurutze Gorriaren zentro soziosanitarioan ingresatuta eta 24 pertsona ospitaleratuta.

Desgaitasuna duten pertsonen egoitzei dagokienez, Mendozak adierazi du egoitza hauek koronabirusagatik libre geratu direla, diagnostiko positiboarekin zegoen azken pertsona sendatu ondoren, Donostiako Iza zentroko erabiltzailea, hain zuzen ere. Guztira, lau izan dira kasu positiboren bat izan duten egoitzak eta kutsatutako 17 pertsonek jada mediku alta jaso dute.

Bestalde, suhiltzaileen, DYAko boluntarioen eta ekipo espezializatuen eskutik egiten ari diren desinfekzioen inguruan, azken orduetan berriro desinfektatu dira Zumaiako San Juan eta Otezuri, Beasaingo Arangoiti, Zumarragako Argixao eta Arrasateko San Juan de Dios Ospitalea. Desinfekzio lanak lau egunetik behin egiten dira kasu positiboren bat duten egoitzetan eta astero gainontzekoetan.