Nubia, bizimodu lasaiago baten taupadak

25.04.2020 | 12:58
Goian, Manal El-Teiby ekintzailea, bere bulegoko leihotik begira; eta Asuan ibaia. Lerroon gainean, XX. mende hasierako nubiarren exodo masiboa irudikatzen duen erretratu zaharra.

Asuanera hurbiltzen denak segituan nabarituko ditu bertako lasaitasuna eta erritmo lasaia. Ibaiaren inguruan bizi diren herritarrek lurrak lantzen dituzte, faluka edo belaontzietan bidaiatzen dute eta orduak pasa ditzakete ibiskuaren lore gorriekin egiten den karkadè tea edaten. Han, Asuango presaren bazterretan, bizimodu lasaiago baten taupadak sumatzen dira. Beste herrialde batean gaudela dirudi, are gehiago, beste planeta batean. Nubiara iritsi gara.

"Gu ginen desertuko erreginak eta erregeak", adierazi du etsipenez Manal El-Teiby ekintzaileak, "gu ginen lehen piramideak eraiki zituzten errege-erreginak". Baina nortzuk ziren nubiarrak? "Urrearen lurraldeko herritarrak ginen. Nubiak edo Nubakurreaz beteriko eremua esan nahi du". Hegoaldeko indigenek urrez jantzitako tenplu eta piramide dotoreak eraiki zituzten mende luzez. Merkatariak, nekazariak eta arrantzaleak ziren, eta hizkuntza nubiarrak hitz egiten zituzten. "Arabieraren aitzitiko lengoaiak ziren eta berezko alfabetoa zuten", erantsi du.

El-Teiby Kairon bizi da, baina haren aiton-amonek Nubiatik ihes egin zuten XX. mende hasieran. Emakume ekintzaileak bere bulegoan jaso gaitu, eta, elkar agurtu bezain laster, kaxa batetik argazki historikoak ateratzen hasi da. Erretratu zaharrek exodo masibo baten irudiak erakusten dituzte. Emakumeak beltzez jantzita agertzen dira. Gazteenek haurrak besoetan daramatzate eta nekatuta dirudite. Gizonezkoak, berriz, tunika ilunekin daude.

Nilo ibaiaren inguruan, Sudan eta Egipto artean, komunitate nubiarrek sustraiak errotu zituzten mende luzez. Egipto faraonikoaren garaian, Kusheko erreinua izenarekin izan zen ezaguna Nubia. Literaturak dio borrokalari eta arkulari famatuen etxea izan zela. Nubiarrek alde bateko zein besteko konkistak pairatu zituzten, baina ezerk ere ez zien XX. mendeko modernitateak baino min handiagorik eman. Eta erantzuleak berezko izena dauka: Gamal Abdel Nasser jeneralara, hain zuzen ere.

URTEGIEN ONDORIOZ DESAGERTU El-Teibyk garai horretako dokumentu historiko gehienak aztertu ditu eta uste du Nasserrek mendeetako ondasun kulturala desagerrarazi zuela. Izan ere, Niloren urtaroko urgoraldiak kontrolatzeko eta argindarra sortzeko aburuz, Asuan inguruan bi presa eraikitzeko proiektuak abiarazi zituzten Egiptoko agintariek. Nasser jeneralarak diseinatu eta onartu zuen Presa Handia 1960- 70 artean eraiki zen eta aintzira artifizial handi baten jaiotza bultzatu zuen.

"Arazoa da herrixkak, monumentuak eta eraikin erlijiosoak desagertu zirela. 100.000 herritar lekualdatzera derrigortu zituzten. Batzuk Sudan iparraldera joan ziren. Beste batzuek, berriz, hiri handietara alde egin zuten eta urbanizatu egin ziren", azaldu du El-Teibyk. Hala, hasierako argazkiak berreskuratu ditu ekintzaileak. Erretratu zaharretako exodoko aurpegiek dena esaten dute. Ardura baino tristura handiagoa sumatzen da emakumeen eta gizonen aurpegietan. El-Teibyk bere aitonaren argazkia erakutsi digu, txikia zenean. Birraitonaren ondoan agertzen da, geroago presak estali zuen familiaren etxe aurrean eserita. Biek irribarre batekin begiratzen diote argazkilariari.

El-Teibyk azken urteak pasa ditu haien sustraiak ezagutzen ez dituzten gazteei historia eta kultura nubiarra erakusten. "Egipton bigarren mailako herritarrak bihurtu gara. Gure aiton-amonek Asuanetik ihes egin zutenean, zera esan zieten: erraztasun guztiak jarriko zizkietela. Baina nubiarrotaz ahaztu dira. Mespretxuz, sudaniarrak deitzen gaituzte". Halere, El-Teibyk argi dauka memoriaren alde borrokatzen jarraituko duela.

anteriorsiguiente
noticias de noticiasdegipuzkoa