- Gipuzkoako ibai batera sartu den lehen izokina 6,7 kiloko eme bat izan da, zehazki Oria ibaian. Gure lurraldean espezie horren arrantza debekatuta dagoenez, neurtu, pisatu eta markatzeko harrapatu ondoren, berriro uretara itzuli dute.

Arantxa Ariztimuño Mendietako eta Natura Inguruneko foru zuzendariak atzo gogora ekarri zuenez, Aldundiak jada 27 urte daramatza izokina berreskuratzeko lanean eta igandeko harrapaketa hori ere espezie horrekin urtero egiten dituzten lanen parte da.

1993. urteaz geroztik lan horietan dabiltza Urumea ibaian, iaz 10.550 izokin arrainkume askatu zituzten; eta bi urte beranduago lantzen hasi ziren Orian berriz, 8.782 arrainekin.

Ariztimuñoren esanetan, Bidasoako izokinen hazkuntzarekin lortutako aleak askatu ziren. Horrela, ibaian dauden izokin arrainkumeen populazioak ikertzen dira, eta baita Elorrabin (Urumea) eta Orbeldin (Oria) sartzen diren izokin helduak ere.

Urte hauetan habitata hobetu dela ziurtatu zuen, hainbat oztopo eraitsiz eta ur-emaria bermatuz; eta Irungo arrain-haztegia ere egokitu eta hobetu egin dela.

Foru zuzendariak adierazi duenez, azken urteetan izokina Oiartzun ibaian ere sartzen ari da, eta arro hori Irungo haztegiko arrainkumeekin birpopulatu omen dute.

Lan hori guztia "espeziearen berreskurapenean emaitza onak" ematen ari dela nabarmendu zuen.

Amaitzeko zehaztu zuenez, Elorrabin, batez beste, urteko 181 izokin sartu dira azken hamarkadan, eta Orbeldin, berriz, 58.