DONOSTIA. Eider Mendoza foru bozeramaileak Etxealditik Euskaraldira egitasmoan parte hartzera animatu ditu gipuzkoarrak gaurko prentsaurrekoan. Joan den otsailean iragarri zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak modu ofizialean dagoeneko Euskaraldirako prestatzen hasia zela. "Konfinamendu egoera zail eta gogorrean gaude, baina txalogarriak dira testuinguru honi modu positiboan eta eraikitzailean erantzuten dioten egitasmoak. Horietako bat da, zalantzarik gabe, Etxealditik Euskaraldira. Datozen egunotan etxeko hizkuntza ohituren inguruko gogoeta egitea proposatzen digu ariketa kolektibo honek eta, etxean geratzea hain garrantzitsua den honetan ere, komunitate gisa euskaraz bizitzera eta gozatzera animatzen gaitu", azaldu du Mendozak.

Horregatik, ekimen honetan parte hartzera gonbidatu ditu gipuzkoarrak, "euskararen biziberritzean etxeko transmisioak berebiziko garrantzia" duelako eta Etxealditik Euskaraldira egitasmoak elementu horretan jartzen duelako arreta, hain zuzen ere. "Hizkuntza ohiturak aldatzeko eremurik zailena familia bera dela esaten dute adituek, normalean ohitura horiek oso errotuak egoten direlako. Honi buruzko hausnarketa egiteko modua eskainiko digu eta, bide batez, udazkeneko Euskaraldirako entrenatzen joateko aukera eskainiko digu", adierazi du Mendozak.