- Hernaniko Bexen Medical kooperatiban milioika maskara egingo dituzten hiru makinak gaur iritsiko dira Euskadira. Mondragon Assembly izeneko taldeko beste kooperatiba batek prestatu ditu Txinan.

Bexen Medical arduratuko da produktu hauek ekoizteaz, eta helburua hilean 10 milioi unitatetik gora egitea da; kopuru hori guztia Osasun Ministerioak kudeatuko du oso-osorik. Bexen Medicalek Bizkaiko Etxebarrin atondu dituen instalazioetan deskargatuko dira goizeko lehen orduan.

Makina horiek ostiralean iritsi ziren Kunshanetik (Txina) Torrejón de Ardozeko base militarrera, armadako hegazkinetan garraiatu baitzituzten.

Mondragondik jakinarazi dutenez, Mincoturrek (Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak) agindutako lau lerroetako hiru, Markina Etxebarrin (Bizkaia) Cikautxo kooperatibak duen egoitzan ipiniko dituzte hemendik aurrera. Bertan, behar bezala egokitutako areto zuri batean, ospitaletarako osasun-materialaren ekoizpenean esperientzia handia duen Bexen Medicalek egingo ditu musuko- maskarak.

Laugarren lerroa, berriz, Defentsa Ministerioaren Burgosko farmazia militarreko egoitzan ezarriko da, zentroko bertako langileen ardurapean. Mondragon Assemblyko teknikari talde bat arduratuko da bi kokaguneetan aldi berean makinak muntatzeaz eta lerroak abian jartzeaz, ahalik eta azkarren makinak egiten hasteko.

Mondragondik nabarmendu nahi izan dute joan den martxoaren 16an hasi zirela proiektu horretan lanean; orduantxe hasi baitziren Txinan lau ekoizpen-lerro hauek fabrikatzen. Egitasmo hau, Mincotur eta Mondragon taldearen arteko elkarlan publiko-pribatuaren emaitza da TU lankide argitalpenean azaldu denez; hainbat kooperatibek hartu dute parte (Mondragon Assembly, Bexen Medical, eta Cikautxo -azken honek bere instalazioak eskaini baititu musukoak egiteko lehen fase honetarako-), eta hilean 10 milioi unitatetik gora fabrikatzea da helburua.

Datozen sei hilabeteetan 60 milioi maskara-kirurgiko egiteko asmoa dute; estatuko merkatua, kanpoko horni-tzaileekiko mendekotasunik gabe asetzeko, "hornidura bermatuz, eta inportaziokoa baino kostu finko txikiagoan".

Musuko maskara horiek ospitaleetarako, osasun zentroetarako, enpresetarako eta baita herritarrentzako ere izango dira, COVID-19ren kutsadura ekidin asmoz.

Aurreikuspenen arabera, lehen unitateak apirilaren amaierarako eginda eduki nahi dituzte, eta helburu hori lortzeko elkarlanean jardungo dute Burgosko farmazia militarreko langileek eta baita Bexen Medicalekoek ere.