ecnunek, Nafarroako Unibertsitateak Donostian duen Ingeniaritza Eskolak, Tantaka izeneko Denboraren Banku Solidarioa dauka. Egitasmo horretan, ikasturtean zehar ikasle, irakasle eta unibertsitateko langileei euren denbora librean elkarte batean boluntario lanak egiteko gonbitea luzatzen zaie. Tantakaren baitan bada, gainera, ingeniarientzat zehatzagoa den proiektu bat: Applika.

"Ingeniaritzako ikasketak gizartearen ongizaterako baliatzea da Applikaren helburua. Gobernuz Kanpoko Erakundeei (GKE) laguntzen saiatzen gara eta beraientzat erabilgarriak diren ordenagailurako eta mugikorrerako aplikazioak sortzen ditugu", azaldu dio egunkari honi Juan Francisco Carias Applika proiektuaren koordinatzaile eta Tecnuneko doktoregaiak.

Aurtengo ikasturtean hiru proiektu dituzte martxan egitasmo horren baitan. "Gipuzkoako Itxaropen Telefonoarekin, Bizikletaz Adinik Ez elkartearekin eta Paliativos Sin Fronteras elkartearekin harremanean gaude eta hirurek dute beraien webgunea berri-tzeko premia", azaldu digu Paula Berroak, Tantakaren koordinatzaileak.

Lehenengo proiektua Nafarroako Itxaropen Telefonotik etorri zen. Nafarroako Unibertsitateko irakasle bat da bertako koordinatzailea eta berak mahaigaineratu zuen Telefono horrek gazteengana heltzeko zailtasun handiak zituela. "Irakasle horrek proposatu zigun egokia izango litzatekeela Nafarroako Itxaropen Telefonorako txat bat sortzea. Gazteen arteko deiak desagertzen ari dira, sarritan nahiago izaten baitute lehenengo kontaktua ida-tzizko mezuen bidez egin", aipatu du Cariasek.

Itxaropen Telefonoan anonimatua bermatzea oinarrizkoa denez, ezin daitezke WhatsApp bezalako mezularitza sistemak erabili. Baldintza horiek kontuan izanik, Tecnuneko bi boluntario txat berri bat sortzen ari dira. "Badirudi proiektua nahiko ondo doala. Wordpresseko aplikazio bat dute muntatuta, eta aurrebaldintza guztiak bete ditzakeen txat txiki bat dauka; beraz, azken emaitza irudika-tzen hasiak gara", dio Cariasek.

Gainera, Gipuzkoako Itxaropen Telefonoa ere bat dator txat berri horren premiarekin, eta behin sor-tzen dutenean, Gipuzkoako Itxaropen Telefonorako ere eskuragarri izango da.

Applikan garatzen ari diren bigarren proiektua Gipuzkoako Itxaropen Telefonoarentzat eta Paliativos Sin Fronteras elkartearentzat datu base bat sortzea da. "Orain arte, gizarte zerbitzuei buruzko informazioa eskaintzen duten liburuak eduki izan dituzte, baina zaharkituta geratu zaizkie", dio Cariasek.

Izan ere, informazio asko galdu egiten baita liburuetan; datu batzuk zaharkituta geratzen dira, adibidez, denboraren poderioz zenbait enpresa desagertu egiten dira edota beste enpresa batzuetan txertatzen. Informazio handia ageri ohi da datu horietan: besteak beste, zerbitzu juridiko, hileta-zerbitzu, Osakidetzaren zentro, Gipuzkoako farmazia edota ospitale eta kliniketako zerbitzuei buruzkoa.

"Hori guztia kudeatzeko ordenagailurako aplikazio bat oso mesedegarria litzateke bi erakunde horientzat: informazioa behin eta berriz eguneratu ahal izango dute, eta liburuak inprimatzea baino askoz ere merkagoa baita", adierazi du Cariasek.

Tecnuneko bi boluntario ari dira datu base hori sor-tzen eta lana nahikoa aurreratuta daukate. "Datu basea sortu dugu eta orain probak egiten ari gara. Baina oraindik ez dugu interfaze grafikorik eta beraz, ez dago publikoarentzat eskuragarri", zehaztu du.

Bizikletaz Adinik Ez elkartea, boluntarioei esker hirugarren adineko pertsonei hirian zehar bizikletaz paseo bat emateaz arduratzen da. Donostian Iñigo Munilla arduratzen da hori guztia antolatzeaz. "Iñigo Donostiako zaharren egoitza guztiekin harremanean dago eta bakarrik dauden aitona-amonentzat bizikleta irteerak antolatzen ditu", azaldu du Berroak.

Munillak eskuz egiten du kudeaketa guztia: egun bakoitzeko irteeren ordutegia, boluntario bakoitzari dagokion txanda, ibilbidea, etab. Denbora dezente behar izaten du, eta lan hori erraztu asmoz Tecnuneko lau boluntario sare sozialen antzerako aplikazio bat sortzen ari dira Bizikletaz Adinik Ez elkarteko boluntarioek guztia antolatzeko erabili dezaten. "Horrela, Iñigok ez ditu egunero gauza guztiak excel batean idatzi beharko, eta ez du boluntarioei korreorik bidaltzen ibili beharko", azpimarratu du Cariasek. Tecnuneko boluntarioek dagoeneko sakon aztertu dute aplikazioak nolakoa izan beharko lukeen, eta programatzen ere hasi dira. "Hemendik bi hilabete ingururako gutxieneko produktu bideragarria prest izatea espero dugu, eta ikasturtea horrekin bukatuko dugu", esanaz amaitu du doktoregaiak.

Gipuzkoako Itxaropen Telefonoa, Bizikletaz Adinik Ez eta Paliativos Sin Fronteras elkarteei laguntzen ari dira Applikaren bidez