- Etxeko hizkuntza-ohiturei buruzko gogoeta bultzatu eta horiek aldatzen saiatzeko helburuarekin, datorren astean Etxealditik Euskaraldira ekimena abiatuko dute. Azaroan eta abenduan helduko da Euskaraldiaren bigarren edizioa eta hori prestatzeko baliagarria izatea espero dute.

Etxean eta etxetik ditugun harremanetan euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko gonbitea egingo du Etxealditik Euskaraldira. Astelehenean aurkeztuko dute eta maiatzaren 3ra arte luzatuko da. Tartean, ariketa zehatzak proposatuko dizkiete parte-hartzaileei, sare sozialen bidez. Helburuak, beraz, etxeko ohiturei buruz pentsaraztea eta euskararen erabilera sustatzea dira, bitartekoak eskainiz.

Jakin badakite egoera gogorra dela eta, hori kontuan hartuta, testuingurura egokitutako ariketa landu dute Euskaraldiko antolatzaileek. "Bizi dugun egoera ez-ohiko honetan, oraindik ere, zerbait baldin badaukagu elkarrekin hitz egiteko aukera, gogoa eta nahia dira. Orain ditugun ia harreman gehienak hurbilekoekin ditugula jakinda, erabiltzen dugun hizkuntzaren gainean pentsatu eta aldaketak egiteko pausoa emateko aukera aproposa izan daitekeela iruditzen zaigu. Etxeko konfiantza giroan aldaketak egiten baditugu errazagoa izango da gerora, etxetik kanpo ditugun ohiturak aldatzen joatea", azaldu du Euskaraldiko koordinatzaile Rita Aldabaldetrekuk.

Hilabeteak daramatzate Euskaraldiko bigarren edizioa prestatzen (entitateen parte-hartzea bideratzeko pilotajeak ere egin dituzte). Lanean harrapatu zituen itxialdiak, eta lanean jarraitzeko gogoa agertu zuten batzorde askok. Hala, egoerara egokitutako ariketa osatu dute.

Hiru aldi izango ditu ekimenak. Astelehenean aurkeztu eta argibide nagusiak eskainiko dituzte. Ondoren, hilaren 21etik 23ra, hizkuntza ohituren gaineko gogoeta egitea proposatuko diete herritarrei: "Norekin eta nola hitz egiten dugun eta zer aldatu edo zer mantendu nahi dugun ikusteko ariketa erraz bezain interesgarria proposatuko dugu".

Ariketa bera apirilaren 24tik 30era egingo dute: ideia-proposamenak zabalduko dituzte egun horietan (egunero, bat), egunerokotasunean eta ohiko egoeratan oinarritutakoak. Parte-hartzaileek erabakiko dute denak edo batzuk egingo dituzten. "Bakoitzak bere nahi eta erritmoetara egokituko ditu; ez dugu inor estutu nahi, aukerak eman besterik ez", nabarmendu du koordinatzaileak.

Zazpi proposamenok azalpen-bideoen bitartez zabalduko dituzte Euskaraldiko webgunean; Facebook, Instagram eta Twitter kontuetan; eta ahobizi zein belarriprest Telegram kanaletan (herriz herri hedaturik dauden batzordeetako sare sozialen kontuetan ere bai).

Ariketa bukatzeko, ekitaldi bateratua egingo dute maiatzaren 3an, baina horri buruzko xehetasunak hilaren 30ean azalduko dituzte: "Komunitateari ikusgarritasuna eta batasuna ematea izango du helburu".

Herritarrak parte hartzera gonbidatu nahi dituzte, eta ariketaren parte aktibo izatera. Hala, bideoak edo argazkiak sareratzera animatu nahi dituzte, beti ere @euskaraldia aipamena eta #EtxealditikEuskaraldira baliatuta, "guztiok guztion berri izateko eta Euskaralditik bilketa lana egitea ahalbideratzeko", azaldu du Aldabaldetrekuk. Leiho eta balkoietan koloretako puntu bat jartzea ere proposatu dute.

Apirilaren 20tik maiatzaren 3ra arte egingo dute ariketa eta testuingurura egokitutako zazpi proposamen zabalduko dituzte sare sozialen bidez