- "Beste oztopo bat" jartzen ari zaiela kritikatu dute baserritarrek. Izan ere, zuzeneko salmentako merkatu tradizionalak aldi baterako etetea erabaki zuen atzo Eusko Jaurlaritzak, koronabirusaren ondorioz. Gainera, alarma-egoera amaitu ondoren berriro zabaltzeko eskatzen dituzten neurriak ere gehiegizkoak direla uste dute Enba eta Ehne nekazaritza arloko sindikatuek.

Aldizkari ofizialean atzo argitaratutako aginduak dioenez, etxetik hurbilen dagoen establezimendura joan behar da egunotan pertsonen zirkulazioa murrizteko, eta "testuinguru horretatik kanpo geratzen da merkatuak egitea, egiten diren lekuan jendea pilatu egiten da eta". "Ulertezinaz gain, tamalgarria" dela salatu zuen Enbak, eta aipatutako pilaketa horiek supermerkatuetan ere ematen direla gaineratu zuen. Haiek bezala, azokak elikagaiak erosteko gune direla nabarmendu zuen eta, beraz, funtsezko jarduera.

Ehnek zertara datorren debekua galdetu zion Jaurlaritzari, eta zergatik egiten duen merkatuen aurka. Aste hauetan Ordizian, Zumarragan edo Villabonan merkatuak egin dituztela nabarmendu zuen, segurtasun- eta osasun-neurriak errespetatuz, eta behar diren protokoloak jarraitzeko prest daudela ere bai. Beste lurralde batzuetan, Katalunian, esaterako, azokek irekita jarraitzen dutela ere gogoratu zuen sindikatuak.

Gainera, Jaurlaritzak ez daukala merkatuen gaineko eskumenik esan zuen: "Azokak Udalen eskumena dira eta osasun neurriak, une honetan, Estatuaren eskumena".

"Baserritarrok gure produktuak saltzetik bizi gara. Egoera dagoeneko zaila baldin bada, ulergaitza bihurtzen da beste oztopo bat jartzeko tema hori. Elikagaiak sortzen ditugu, herri hau elikatzeko konpromisoa dugu", gaineratu zuen Ehnek.

Bestalde, alarma-egoera amaitzen denerako baldintzak zehaztu ditu Jaurlaritzak eta horiek neurriz kanpokoak eta "guztiz onartezinak direla" salatu zuen Enbak: "Kinka larrian ipiniko ditu azoka eta merkatu gehienak".

Zehazki, postuen artean pasabide bat egon behar dela dio Jaurlaritzaren aginduak, eta sei metroko distantzia batetik bestera (laukoa alboetan). Postuen barruan, saltzaileek bi metroko tartea gorde beharko dute haien artean (hori ezinezkoa bada, saltzaile bakarra egongo da). Bezeroei erabili eta botatzeko eskularruak eskaini behar dizkiete eta gel desinfektatzailea banatzeko gailua izan beharko dute. Erabiltzaileen artean ere bi metroko distantzia eskatuko dute.

Eusko Jaurlaritzaren baitan deskoordinazioa dagoela ere salatu zuten sindikatuek. Izan ere, atzo bertan Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak konfinamendu garaian ere azoka tradizionalak babesteko kanpaina abiatu zuen. Produktu freskoak eta kalitatezkoak eskaintzen dituztela eta merkatura joateko deia egiten die herritarrei aipatutako kanpainak, Zure betiko azoka, konfiantza osoz lelopean. Aste hauetan osasun-baldintzak eta protokoloak zorroztu egin direla eta seguruak direla nabarmentzen du kanpainak.

Atzo argitaratutako aginduak ibilgailu bidezko salmenta ere arautzen du, eta merkataritza-establezimendu nahikorik ez duten herrietan bakarrik baimentzen ditu, elikagaiak eta premiazko produktuak banatzen jarrai dezaten.