- Joaquin Beltranen koinatak, Marta Alvarezek, aitortu du familiak gorpua aurkitzeko "itxaropena" berreskuratu duela, Eusko Jaurlaritzak bilaketa lanetan "inplikazio" handiagoa erakutsi ostean. "Itxaropena galdu dugu askotan. Une mingarri asko bizi izan ditugu agian ez zirela agertuko pentsatuz, baina itxaropena berreskuratu dugu ", adierazi zuen atzo Alvarezek RTVEri eskainitako elkarrizketa batean. Bilaketa lanetan izandako aurrerapenen erakusgarri, Alberto Sololuzeren ibilgailua igandean aurkitu izana, egunkari honek atzo jakinarazi zuenez.

Joaquin Beltranen koinatak "jarrera aldaketa" sumatu omen du Jaurlaritzan, eta onartu du orain "gauzak hobeto" egiten ari direla, "koordinazioarekin, antolakuntza handiagoarekin eta arduradun politikoen aldetik borondate eta inplikazio gehiagorekin". Alvarezen arabera, koronabirusaren alertarekin bi langileen erreskatea ahaztuta geratzearen beldur omen zen Joaquinen familia, baina "erritmoa jaitsi" bada ere, "lanean eta bilatzen" jarraitzen dutela aitortu du, eta "agertzeko aukera gehiago" ikusten dituztela. "Ez dugu besterik eskatzen: ager daitezela eta merezi duten bakea eta atsedena izan dezatela bai beraiek eta baita haien familiek ere".

Joaquin eta Alberto desagertu zirenetik bi hilabete bete direnean, senideak "jota, hondoratuta eta atsekabetuta" omen daude, Alvarezek azaldu duenez. Joaquin Beltranen familiak balkoi eta leihoetara irteteko deia egin zien atzo euskal herritarrei, desagertutako bi langileen oroimenez txalo egin eta kandelak pizteko.

Zabortegitik hurbilen dauden Zaldibarko Eitzaga auzoko bizilagunek, ohar berri bat kaleratu zuten atzo, Albertoren eta Joaquinen senitartekoei elkartasuna adieraziz, eta administrazioari bi langileak aurki-tzeko "ahalegin eta interes" handiagoa eskatuz. Auzokide horiek salatu dutenez, egunero 100 kamioi baino gehiago pasatzen omen dira auzo horretatik zabortegira, eta Eusko Jaurlaritzako arduradunek agindu bezala, Olarreaga aldera desbidera-tzea eskatu dute.

Herritar horiek deitoratu dute, halaber, Jaurlaritzak Eitzagako baserri batetik ehun metrora hondakinak biltzeko ziega bat eraiki izana, eta egitura hori "behin-behinekoa" izatea exijitu dute. Zabortegira doazen kamioiek Ermuko bizilagunen artean sortu duten kezkaren aurrean, Juan Carlos Abascal alkateak Facebook bidez adierazi du ez dutela hondakinik garraiatzen, baizik eta "Alberto eta Joaquin lurperatuta dituztenak" kendu eta ziega berrian uzten dituztela.