Billy Joe Saunders boxeolari britaniarrak ezinegon handia piztu du sare sozialetan azaldu baitu emakumeak nola jipoitu behar diren "gaizki portatzen" baldin badira konfinamenduak irauten duen bitartean. Itxialdia hasi zenetik, Frantziako estatuan %30 igo da emakumeen aurkako tratu txarren salaketen kopurua. Ipar Euskal Herrian erakunde eta elkarteak kezkatuak dira mota horretako gaizkiletza ohikoa delako eta konfinamenduaren garaian areagotuko dela beldur dira. Frantzian emakume bat hiltzen da hiru egunetik behin bikotekideak emandako kolpeengatik, eta iaz hiru emakume hil zituzten Lapurdin. Itxialdia hasi zenetik ez da oraingoz hilketarik gertatu Iparraldean baina samina handia da Akize (Landak) eta Aturben (Pirineoak) bi emakume hil dituztelako.

"Tratu txarrak jasan ohi dituzten emakumeek ez dute irtenbiderik egunotan", deitoratzen du Fatima Benomar Nous Toutes elkartearen bozeramaileak. "Gizon bortitzak are basatiagoak agertzen dira itxialdia gaizki daramatelako. Dena zaintzen dute, edozein gauza gaizki har dezakete eta bat-batean aitzakia aurkitzen dute kolpeekin eran-tzuteko".

"Laguntza eske dabiltzanen telefono dei gutxiago jasotzen dugu, beharbada erasotzailea hurbilegi dutelako", beldur dago Sarah Piet Baionako Planning Familial elkarteko kidea. Biktimak ez direla ausartzen deitzera ere kezka zabaldu da laguntzaileen artean.

Iparraldeko Hirigune Elkargoak eta Baionako udalak sail berriak zabaldu dituzte beren webguneetan tratu txarren biktimei lagun-tza emateko. 3919 zenbakira dei dezakete eta farmazietara joaten badira maskara 19 esaldia adierazi behar liekete bertako profesionalei. Hori entzuten duen botikariak berahala segurtasun indarrei abisua eman behar lieke. "Urte osoan biktimek arnasa har dezakete bakarrik bikotekidea etxetik ateratzen delarik. Etengabeko sufrikarioa da elkarrekin egon behar izatea, egunero egun osoan", dio François Toutain Paris inguruko aterpetxe bateko arduradunak. "Okerrenaren beldur gaude. Emakume eta haurrek presio jasanezina pairatuko dute hainbat astez". Zenbait kasutan, emakumeek etxetik alde egin eta beren senide edo lagunekin igaroko dute Frantziako estatuan apirilaren 15a arte iraun behar luken itxialdia.

Abortoak egiteko epea luzatzea eskatu du ere Sarah Pietek. "Askok ezin dute gehiago hegoaldera joan muga hetsia baita. Iparraldean legezko epea hamabi astekoa da, baina gaur egungo arazo eta atzerapenekin bi aste gehiago behar lirateke", dio Planning Familial elkarteko arduradunak. "Emakume batek gauean eta bide txikietatik, erdi klandestinitatean, igaro behar du muga eta Gipuzkoara heltzean abortoa egiteko prezio bikoiztu diote 2.200 euro ordaindu zituelako hasiera batean 1.100 euroren aurrekontua eman ziotelarik".

Baionako erietxean tratu txarrak jasaten dituzten emakumeei laguntza eskaintzeko sail berria zabaldu dute duela zenbait egun. "Apirilaren 16an estrenaldi ofiziala egin behar genuen, baina COVID-19 gaitzarengatik dena atzeratu da, ekainera gutxienez", dio zuzendaritzak. "Saila zabalik dago baina emakumeei ezin diegu harrera egin eta oraingoz laguntza telefonoz eman behar diegu. Izurritearengatik, bizpahiru astez erietxe osoaren funtzionamendua aldatu behar izan dugu eta ez dugu gehiago ebakuntzarik egiten. Den dena, larrialdi kasuak ere, Agilera eta Belarra kliniketara bideratzen ditugu".

Izurritea hasi zenetik, Ipar Euskal Herriko hiru lagun hil dira gutxienez, zuberotar bat Paueko erietxean eta beste bi paziente Baionakoan.

Frantziako osasun sailak Bokaleko (Lapurdi) mediku baten aurkako salaketa aurkeztu du lanean jarraitu zuelakoan gaixorik egon arren. Gilles Lassabe COVID-19 jasan duen lehenengo medikua izan da Iparraldean, eta orain leporatzen diote besteen bizia arriskuan eman izana martxoaren 15eko udal hauteskundeetan hautagaia baitzen.

Osasun sailak kritikatzen du kanpaina egiten jarraitu zuela eta gobernuaren aholkuei ez ziela kasurik egin gaixorik dauden lagunek etxean egon behar dute eta. Lassabek adierazi du akusazioa gezur hutsa dela hamalau egunez etxean egon baitzen pazienterik ikusi gabe eta hauteskunde kanpainan parte hartu gabe. "Hautagaia izan arren bozkatzera ere ez nin-tzen joan", argitu du duintasun eta errespetu gehiago eskatzen dituen Bokaleko sendagileak.