- COVID-19 krisiaren ondorioz, Herri Urrats, Ibilaldia eta Araba Euskaraz jaiak atzeratzeko erabakia hartu du Ikastolen Elkarteak. Hala ere, garbi utzi nahi izan dute ez direla bertan behera geratuko eta seguruenik udazkenean ospatuko direla. Era berean, Kilometroen eredu berriari jarraiki aste hauetarako antolatuta zeuzkaten Milimetroak jaiak ere bertan behera utzi behar izan dituzte.

“Saminez hartu behar izan dugu erabaki hau, baina ez zegoen beste irtenbiderik. Euskal Herrian eta munduan maiatzerako eta ekainerako antolatutako ekitaldi guztiak bertan behera geratu edo atzeratu badira, ezinezkoa zen gu salbuespena izatea”, azaldu zuen atzo Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak.

Beraientzat jai horiek hainbat arrazoirengatik “oso garrantzitsuak” direla nabarmendu nahi izan zuen: “auzolanaren bitartez ikastola-kideon harremanak estutzeko oso mesedegarri dira, euskal kulturari bost plaza handi eskaintzen dizkiogu, euskarari bozgorailu handi bat jartzen diogu, eta, gainera, hainbat proiektu aurrera ateratzeko finantzaketa ere lortzen dugu”.

Herri Urrats, adibidez, maiatzaren 10ean ospatzekoa zen. 1984az geroztik urtero maiatzean ospatu izan da, eta aurten estreinakoz ez da hala izango. “Kontzientziaz hartutako erabakia da. Iparraldeko hitzordu nagusienetakoa da, milaka lagun elkartzen dira urtero Senpereko laku inguruan, baina jendearen osasunaren mesedean, bertan behera uztea erabaki dugu”, azaldu zuen Beñat Bidegain Herri Urratseko lehendakariak.

Nahiz eta ordurako konfinamendu garaia bukatuta egon daitekeen, maiatzaren hasiera milaka eta milaka pertsona elkartzeko “goizegi” litzatekeela uste du Bidegainek. Gainera, erabakia Herri Urrats elkarteak, Seaskak eta Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak hartu dutela nabarmendu zuen: “Ez dugu inoren debekurik edo abisurik jaso, ez osasun zerbitzuetatik, ezta Estatuko ordezkaritzatik ere”.

Hala ere, Herri Urrats “ezinbesteko-tzat” jotzen dutenez, horrexegatik jaia irailera atzeratzea erabaki dutela esan zuen Bidegainek. “Momentuz data ez dugu finkatu, jakin bezain laster jakinaraziko dugu”, adierazi zuen.

Bere aldetik, Peio Jorajuriak, Seaskako lehendakariak, Herri Urratsek “zorrak estaltzen” laguntzen duela azpimarratu nahi izan zuen. “Beste askoren artean, Herri Urratsek Sohüta, Urruña, Angelu, Bidarte eta Arberoako maileguak ordaintzen laguntzen digu”, esan zuen Jorajuriak.

Maiatzaren 10ean Herri Urrats ospatzeko guztia prest zuten antolatzaileek, besteak beste, animazio egitarau osoa, kantua eta bideoklipa, lan taldeak martxan eta hainbat enpresen partaidetzak lortuta.

Egindako lan guztia, momentuz, alde batera utzi behar zutela ikusita, artistei Herri Urrats irailean ospatuko dela jakinarazi diete eta orduan ere euren parte hartzea “posible” izatea itxaron dute. Aurtengo edizioan parte hartzekoak ziren artista batzuk honako hauek ziren: Zetak, Demode Quartet, Petti, Eskean Kristo, Torheit edo Mad Muasel. Orotara, 40 bat kontzertu, dantzaldi eta haurrentzako ekitaldi geratu dira bertan behera.

Herri Urratseko kantua Diabolo Kiwi taldeak sortu du aurten.“Gure eskerronak Diabolo Kiwi taldeari, kantua prest baita, eta Etxeren lagun-tzaz bideoklip bikaina prestatu dutelako”, esanda amaitu zuen Ihintza Bidart, Herri Urratseko langileak.

Jaien data berriak lotu bezain laster jakinaraziko dituzte.

“Ekitaldi guztiak atzeratu badira, ezinezkoa zen gu salbuespena izatea”

Ikastolen Elkarteko lehendakaria