COVID-19k sortu duen osasun-krisia hasi zenetik, Ipar Euskal Herriko hiru lagun hil dira gutxienez: bi Baionako erietxean eta hirugarrena, zuberotar bat, Pauekoan. Duela gutxi Italia iparraldera autobusez bidaia egin zuen Atharratzeko 66 urteko gizonak patologia ainitz jasaten zuen. Atharratzeko herritar askok gaitzaren sintomak sentitzen dituzten arren, Basaburuko herri nagusian ez dute ikerketa masiborik eginen. Atharratzeko zahar-etxe edo osasun gunean kasurik ez dela agertu azpimarratu du Osasun Sailak. Eskaintzen dituzten zenbaki hauek etxean edo zahar-etxeetan hil direnak ez dituzte oraindik kontuan hartzen.

Akitania Berria eskualdeko erietxeetan COVID-19 jasaten duten 700 lagun artatzen dituzte, asteartean baino 28 gehiago. 215 zainketa berezian daude (hamahiru gehiago) eta izurritea hasi zenetik artatu dituzten 414 lagun sendatu direla zioten atzo, bezperan baino 66 gehiago. Akitania Berria osoan ospitalean egon diren pazienteen artean 82 zendu dira.

Lapurdi, Baxe Nafarroa, Zuberoa eta Biarnoa lotzen dituen Pirineo Atlantikoetako departamenduan bederatzi lagun hil dira dagoeneko; zazpi Pauen eta bi Baionan. Gehienak patologia ainitz jasaten duten adineko herritarrak dira, baina hildakoen artean 44 urteko lagun bat ere badago. 27 paziente zainketa berezian daude; hamabi Pauen, horietatik lau Frantzia ekialde handitik eraman dituztenak eta beste 18 Baionan, horien artean sei ekialde handitik ekarriak izan direnak. Epidemiaren gailurra datorren asteburuan izan litekeela uste dute.

Baionako ospitalean bi zahar-etxetako lau egoiliar, Francis Gonzalez Bokaleko alkatea eta bertako hamar bat zinegotzi ere artatzen dituzte egunotan. Marie Ange Thébaud Bokaleko zerrendaburu ekologista ere izan zen ospitalean. Bertatik ateratzean, biziki nekatuta dagoela adierazi du 62 urteko hautagaiak. "Ez dut beldurrik izan sendagileen esku bainengoen. Martxoaren 18an, jausten ez zen 39,2 graduren tenperatura neukan, buruko mina, eta, gelditu gabe, eztul lehorra. Orain senarrarekin hogei egunez etxean egonen gara".

Lege arauen hausteak direla eta, segurtasun indarrek 2.840 isun eman behar izan dituzte, adibidez, uretan kirola egiten zuten 30 bat surflariri. Frantziako armadako kideek Résilience operazioa hasi dute Lapurdiko itsas bazterra, supermerkatuak eta geltokiak zaintzeko.

Lapurdiko hiriburuko auzokide ba-tzuek Osasun Saileko zenbait profesionalen kontrako hainbat mezu hedatu dituzte, etxetik ahal bezain laster eta urrun joateko galdeginez. Jarrera anonimoek gaitzespen gogorrak eragin dituzte eta bi erizainek salaketak aurkeztea erabaki dute.

Bestalde, doluan direnentzat Baionako erietxeak sikologia batzordea sortu du. Apirilaren 15a arte luzatuko den konfinamenduarengatik arazoak dituztenei ere laguntza emanen diete, eta nerabeak ere kontuan hartzen dituztenez, ospitaleak AdoEnia etxean laguntza-telefonoa martxan ezarri du.

Autobideetako jate-txeak itxita daudenez, egunotan Emmanuellek bere taberna ibiltaria zerbitzuguneetara eramaten du. Errepide nagusiko kudeatzaileak eskaturik, kamioilariei apairuak eskaintzen dizkie dohainik. "Bakarrik gelditzen gara eta asko esker-tzen dugu apairu ona dohainik eskuratzea", kontatu du lanean segitzen duen kamioilari horietako batek.