irukoiztu zaigu lana. Beste langile bat ere kontratatu behar izan dugu”. Legorretako Coviran dendako arduraduna da Beatriz Pinho eta azaldu du goizetik gauera ari direla lanean. Normalean baino bezero gehiago eta erosketa handiagoak ikusten ari dira. Ez dira bakarrak. Gipuzkoa osoan, herri txikietako denda askori pasatzen ari zaie gauza bera. Isolamendua dela eta, herrian edo auzoan bertan erosten dutenak gehiago dira.

“Normalean, hemen gehienek lanetik bueltan egiten dute erosketa handia, supermerkatu handietan. Baina, orain, etxean daudenez, hona gehiago datoz”, bat egin du Itziarren dagoen (Deba) Gure Dendako arduradunak, Olatz Zubikaraik. Jende gazteari buruz ari da batez ere: etxe ondoko dendan ogia edo fruta baino ez dute erosten normalean, eta orain bertan betetzen dute orga. “Ahazten zitzaizkien gauzen bila bakarrik etortzen ziren lehen”, aitortu du Pinhok. Bezero berririk ez, baina betikoek gehiago erosten dute baita Berastegiko Bideaurre dendan ere, Elena Sarasola merkatariaren ustez. “Sateliteren bat ere etorri da egunotan, horrela esaten diet nik, baina gehienak betiko bezeroak dira”, gaineratu du.

“Hemen behintzat gehienek kanpoan egiten zituzten lehen otordu asko lanarengatik, eta erosketak ere bai; orain, etxean daudenez, gehiago erosten dute, bai”, gaineratu du Asteasuko Jose Maria Bendarrain harakinak. Hark ere nabaritu du gorakada salmentetan. Dena den, ez batzuek eta ez besteek ez dute, momentuz, horniketa arazorik nabaritu. “Inguruko baserriei erosten diegu guk haragia eta horiek lanean ari dira”, gaineratu du asteasuarrak.

Krisi honen aurretik herriko edo auzoko denda txikien bezeroak, batez ere, 50 urtetik gorakoak ziren orokorrean dendarien arabera, gazteek nahiago izaten baitute denda handietara jo. “Han aukera zabalagoa da, hori egia da”, onartu du Zubikaraik. Ohitura kontua ere badela uste du. Eta horietako batzuk etxe ondoko dendak nolabait deskubritzen ari dira egunotan. Aukerak ez dira hain zabalak, baina arreta bestelakoa da, eta hori izaten da normalean negozio txikien ezaugarria.

Horrelako egoeretan hori ere agerian geratzen da. Herri askotan boluntario taldeak sortu dira helduei edo kalera atera ezin diren pertsonei erosketak eramateko. Horrela ezin denean egin, dendariek beraiek eramaten dizkiete jakiak. Beatriz Pinhok kontatu duenez, haien kasuan, Asteasun ere badute denda eta handik Alkizara, Larraulera edo Zizurkilera eramaten dituzte erosketak beharra dutenentzat, herrian bertan erosteko aukerarik ez baitute.

Salmentek, gora

“Baina horrela ez”

Egia da herri eta auzoetako denda txiki asko eta asko ari direla egunotan gehiago saltzen, eta hori, nolabait, krisi honen alde positiboa izango litzateke haientzat. Baina, aukeran, garbi dute nahiago dutela egoera normala. “Niri gehiago saltzeak ez dit batere ilusiorik egiten, nahiago dut betiko bezeroekin lan egin, hobeto kalkulatzen duzu... Egoera honek beldurra ematen du, ez dakigu nora eramango gaituen”, aipatu du Bendarrain harakinak. “Lana ondo ere ezin dugu egin, kamioiak orduz kanpo datoz, denda itxi eta lanean jarraitu behar dugu apalak berriro betetzeko...”, gaineratu du Zubikaraik. Pinhoren kasuan, Asteasu eta Legorretako denden artean batetik bestera doaz langileak, kamioiak deskargatu eta, behar denean, laguntzeko.

Eta, bestalde, bezeroekin lan egiteak dituen arriskuez jabetzen dira. Garbitzeko gelak, eskularruak eta maskarillak badituzte, distantziak errespetatzen dituzte eta kutxak, orgak, saskiak eta mostradoreak maiz garbitzen dituzte, baina ordu asko ematen dituzte hainbat pertsonekin aurrez aurre.

Ikusteko dago salbuespenezko egoerak noiz arte jarraituko duen. Eta ikusteko dago, baita ere, egoera hau pasa ondoren, bezero berri horietako zenbatek jarraitzen duten herriko dendan erosketak egiten. “Ikusiko dugu aintzat hartzen duten eskaintzen dugun zerbitzua”, aipatu du Pinhok. Ezkorragoa da Zubikarai: “Egia esan ez daukat esperantzarik zentzu horretan, gero bakoitzak bere ohiturak berreskuratuko ditu”.

Hala ere, egoera normalizatzeko irrikaz daude denak. Bendarrainek aipatzen duen “beldurra” gainditzeko eta haien betiko bezeroei eskua edo besarkada eman ahal izateko irrikaz ere bai.

“Gure bezeroak 50 urtetik gorakoak dira, haiei esker bizi gara; baina orain gazte gehiago datoz”

Itziarko Gure Dendako arduraduna

“Hirukoiztu zaigu lana. Beste langile bat ere kontratatu behar izan dugu egun hauetan”

Legorretako janari-denda

“Gehienek kanpoan egiten zituzten otordu asko; orain, etxean daudenez, gehiago erosten dute”

Asteasuko harakina