Alarma egoeran gaude gaurtik aurrera eta Hernani eta Astigarragako sagardotegiek, printzipioz behintzat, 15 eguneko etenaldia egingo dute egoera hobetu zain. Sagardotegietako nagusiek ixteko neurria "beharrezkotzat" jo badute ere, martxoa txotx denboraldiko garairik indartsuena izaten denez galera garrantzitsuak pairatuko dituzte horren ondorioz.

Hernaniko Zelaia sagardotegia esaterako, beteta zegoen asteburu honetarako eta galera "ikaragarria" izango dute. "Martxoa da gure denboraldiko garairik jendetsuena eta datozen asteburu guztiak beteta zeuden, pentsa zer nolako galera", azaldu zion atzo egunkari honi Maialen Gaincerain Zelaia sagardotegiko nagusietako batek. Orain arte, aurreko urteen antzera lan egin dute eta asteburutan izaten dute jenderik gehien. "Momentuz 15 egunez egongo dira itxita sagardotegiak eta gero auskalo zer gertatuko den", esan zuen Gaincerainek.

Goiko Lastola sagardotegiaren-tzat "asteburu potenteena" zen hau. "Gure sagardotegia txikia da, 80-100 pertsona inguru sartzen dira; larunbat eguerdian beteta zegoen, gauean ia beteta eta igandean ere nahikoa lan bageneukan hitzartuta", azaldu zuen bertako arduradunak. Aipatu zuenez, urtarrilaz geroztik ia larunbat eguerdi guztiak beteta omen zeuzkaten denboraldi osorako, jende gehien orduan joaten baita: "Beste urte batzuetan denboraldiarekin batera jendea pixkanaka hasi izan da etortzen; baina aurten hasieratik izan da jendetsua, larunbat eguerdietan batik bat".

Herenegun eta atzo Goiko Lastolan erreserba asko atzera bota ditu jendeak, eta gainerakoei deitu egin diete jakinaren gainean izateko. "Jendearen artean beldur handia sumatu dut; astelehenean erreserba asko egin ziren eta asteazkenetik aurrera jendeak beldurtuta dei-tzen digun", azaldu zuen.

Aste honetan, koadrila batzuetan jendeak baja eman du eta hainbatek deitu omen dute gutxiago etorriko zirela esanez Goiko Lastolara. "Azkenean, dena bertan behera utziz amaitu dute guztiek", esan zuen arduradunak. Bere iritziz, sagardotegiak ixtea hobe da zabalduta mantentzea baino, baina zerbitzu guztiak itxi behar direla uste du: "Bizitzen ari garen ziurgabetasun eta beldur honekin hobe da ixtea, baina zerbitzu guztiak itxi behar dira: autobusak, tabernak, enpresak... denak. Sagardotegiak itxi eta jendea herrian tabernetan badabil, ez dugu ezertxo ere lortuko", azpimarratu zuen.

Olaizola sagardotegia ere asteburu guzti hauetarako beteta zegoen. "Guretzat galera ikaragarria dakar ixteak ikusita hiru hilabetetan egiten dugula urte guztiko diru-sarrerarik handiena, guztia ez esateagatik", adierazi zuen Asier Olaizolak, bertako nagusiak.

Hernaniko sagardotegietara ingurukoez gain, kanpotik ere joaten da jendea eta gune horiek koronabirusa zabaltzeko "foku garrantzitsuak" izan daitezkeenez, ixtea erabaki zuten atzo. "Oraindik denboraldi erdira ez gara iritsi eta garairik indartsuena hauxe izaten da, apirila erdira arte. Hala ere, gauzak nola dauden ikusita, ixtea erabaki dugu", azaldu zuen Olaizolak. Bestalde, Eusko Jaurlaritzatik laguntzak iristea nahiko luke: "Nahiz eta gure borondatez itxi ditugun, kontuan hartuko dutela espero dut", esan zuen.

Astigarragako Zapiain sagardotegian ere jende asko espero zuten asteburuan. "Gure upeltegira jende gehiena oraintxe etortzen da sagardoa eta sagardotegia ezagu-tzera, eta jendeak ez du horretarako aukerarik izango", adierazi zuen Juan Felix Zapiainek, bertako nagusietako batek. Bere iritziz, horrek salmentetan ere izango du eragina: "Urtean zehar sagardoa botilatik edaten denez, jendeak produktua ezagutu ezean horrek izugarrizko eragina dauka".

Hemendik 15 egunera auskalo zer gertatuko den, baina ordura arte ateak itxita mantenduko dituzte.