Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gipuzkoako Campuseko Enplegu Foroa antolatu zuten atzo Ignacio Mª Barriola Zentroan, ikasleen eta tituludunen enplegagarritasuna hobetzeko asmoz. 15.00etan hasi zen eta ordurako, ikasle asko gerturatu ziren Barriola Zentrora. Guztira, 33 enpresek hartu zuten parte eta baita Lanbide erakunde publikoak ere. Hirugarren solairuan 32 stand antolatu zituzten eta horietako bakoitzean mahaiak eta aulkiak zeuden, ikasleei informazioa modu erosoan eskaintzeko.Bertan aurkitzen zirenen artean izen handiko zenbait enpresa zeuden: Gureak, Kutxabank, Tecnalia, Innovae Group, Fagor Ederlan, Matia Fundazioa edo Leartiker, adibidez.

Ane Beldarrain eta Alex Mendoza Rural Kutxatik etorri ziren eta pertsona baten curriculuma jaso-tzen ari ziren. "Ikasleek zein asmo duten ikustera etorri gara. Batzuk praktiketan interesatuta daude, adibidez, udari begira. Beste ba-tzuk masterren bat ikasten ari dira eta curriculuma ekarri digute", azaldu zion egunkari honi Beldarrainek. Berak adierazi zuenez, interesatuta dauden pertsona ba-tzuk lehenago ere jarri izan dira eurekin kontaktuan eta atzo "lehenengo aurkezpena" egiten ari ziren, "etorkizun hurbilean" elkarrizketa egiteko.

Izan ere, zenbait enpresa lanpostuak eskaintzen ari ziren eta, bide batez, baita hautagai onena bila-tzen ere. Clinica Bavieraren postuan zegoen Seraya Díaz de Ceriok nabarmendu zuenez, bi lan eskaintza zituzten bertan: bat optikari batentzat eta bestea erizain batentzat. "Euskal Herriko kliniketan lan egiteko bi pertsona horien bila ari gara. Jendea informazioa biltzen eta galderak egiten ari da eta interes handia erakusten du", azaldu zuen Díaz de Ceriok. "Gure ofizioa nolakoa den galdetzen digute, nolako lanpostua eskaintzen dugun eta ze baldintzetan egingo luketeen lan", gaineratu zuen Clinica Bavierako standaren arduradunak.

Angulas Aguinagak ere bere postu propioa zeukan Enplegu Foroan eta Veronica Salazar arduradunak esan zuenez, haiek ere hainbat eskaintza zituzten ikasleentzat eta tituludunentzat. "Foru honen bidez ikasleei gure proiektua eskaini nahi diegu, izan ere, punta-puntako konpainia gara eta haiek horren parte izatea gustatuko litzaiguke", azpimarratu zuen. Salazarren arabera, jende berria bilatzeko "nahiko aktiboak" dira Angulas Aguinaga enpresan: "Enter izeneko programaren bidez ikasleei lana eskaintzen diegu eta tituludunen-tzat ere hainbat aukera ditugu". Azaldu zuenez, ordurako hiru pertsonek bisitatu zuten euren postua eta "pozik" zeuden.

Maialen Gay eta Alejandro Garzón izan ziren horietako bi. Biak Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako gradua egiten ari dira eta hirugarren mailan daude. "Oraindik ez ditugu praktikak egin eta horretarako etorri gara hona. Angulas Aguinagan praktiketarako zer aukera dituzten azaldu digute", esan zuen Gayk. Garzóni interesa piztu zion stand horretako eskaintzak: "Marketing sektorean ari dira jendea bilatzen Angulas Aguinagan eta niri horrelako lanpostuak interesatzen zaizkit", esan zuen. Hala ere, oraindik curriculuma ez zutela inon entregatu aitortu zuten biek ala biek.

ingeniaritza Enplegu Foroan zeuden enpresa askok ingeniaritzarekin zuten zerikusia eta horiek begiratzen ari zen Cristian Martín ikaslea bere lagunekin batera. "Gure profilaren arabera begira-tzen ari gara ea zein enpresa interesatzen zaigun. Masterra amaitzen ari gara eta etorkizunerako planak egitea tokatzen da orain", esan zuen Martínek. Sistema Txertatuen Ingeniaritza masterra amaituko du aurten eta "informatikarekin" edo "elektronikarekin" lotura duela azaldu zuen. Enplegu Foroan zeuden enpresei buruzko orri bat zeukan eskuan eta dagoeneko egina zuen bere aukeraketa: "Automobilgintza interesatzen zait, Irizar enpresa esaterako; edo baita proiektuen gestioa egiteko Ikerlan enpresa ere", gaineratu zuen.

Irizarren postuko arduradunak, Unai Izurzak, azaldu zuen ingeniaritza alorreko pertsonak elektromugikortasun industrialeko proiektuetan txertatu nahi zituztela Enplegu Foroaren bidez: "Batez ere ingeniaritza mekanikoa, industriala, elektronikoa edo elektrikoa egin duen jendea interesatzen zaigu gure ingeniaritza ekipoetan txertatzeko". Irizarren egoitza nagusia Ormaiztegin dago eta gertutasun hori positibotzat jo zuen Izurzak: "Irizar Gipuzkoan dago, hemen ditugu gure plantak, gure fabrikazioa eta ingeniaritza garapena eta nik uste dut hori erakargarria dela ingeniaritza ikasleen-tzat". Elektromugikortasuneko proiektuez gain, konbustiokoak eta hibridoak ere badituztela esan zuen eta merkatua "zabaltzen" ari dela. Aukera horren aurrean, jendea "interesatuta" nabaritu zuela aitortu zuen Izurzak.

Pablo Gisasola eta Pablo Gutierrez ere ingeniaritza ikasleak dira eta praktikak egiteko enpresa baten bila joan ziren Enplegu Forora. "Unibertsitatea amaitzen dugunean egin nahi ditut praktikak. Ingeniaritza elektronikoa ikasten ari naiz eta horrekin lotutako zerbait aurkitu nahiko nuke", azaldu zuen Gisasolak. "Hona etorri baino lehen zenbait enpresa genituen aukeratuta eta orain entzutera joango gara ea horietako bakoi-tzean zer azaltzen diguten", gaineratu zuen.

Gutiérrez, aldiz, ingeniaritza mekanikoa ari da ikasten, baina lanean hasteko gogotsu dago. Atzo curriculuma prest eraman zuen enpresei emateko. "Gustatu zaizkigun enpresek proposatu dituzten elkarrizketetara joango gara eta konbentzitu ezkero, gure curriculumak emango dizkiegu", esan zuen. Jarraian, biak enpresekin lehen kontaktua egitera abiatu ziren.

15.30ean hasi ziren enpresen aurkezpenak sektoreka egiten eta bertaratutakoek euren zalantzak argi-tzeko baliatu zituzten. Jarraian, 17.30etik aurrera, enpresek Lanbidek enplegua sustatzeko dituen programa desberdinak ezagutzeko aukera izan zuten. EHUko ikasleen eta tituludunen enpleagarritasuna hobetzeko jardunaldia 19.00etan amaitu zen, Networking Lunch edo merienda batekin batera.

Hala ere, atzokoa ez zen izan EHUk aurten antolatutako Enplegu Foro bakarra. Hurrengoa, martxoaren 5ean izango da Araban, Gasteizko Udalarekin elkarlanean antolatuta. Eta azkena, berriz, martxoaren 10ean, Bilboko Bizkaia Aretoan.