donostia - Gipuzkoako Foru Aldundia dagoeneko hasi da Euskaraldiaren bigarren edizioa prestatzen, azaroaren 20tik abenduaren 4ra ospatuko dena. Atzo hasi ziren hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala antolatzen Markel Olano diputatu nagusiak Diputatuen Kontseiluan aurkeztu zuen agiri baten bidez. Dokumentu horretan, foru Gobernuko kideei departamentu desberdinetan talde eragileak antolatzen hasteko eskatzen zaie, aurten estreinatuko diren ariguneak identifikatu eta aktibatu ahal izateko. Horrekin batera, Olanok atzo eman zuen erakundearen izena Euskaraldian ofizialki parte hartzeko.

Ariguneak euskaraz lasai ari-tzeko guneak dira eta mota guztietako entitateetan jarriko dituzte martxan. Horiek osatzen dituzten pertsona guztiek euskara ulertu eta denek edo gehienek ariketa taldean egitea erabaki beharko dute. Eider Mendoza foru bozeramaileak azaldu zuenez, arigune horietan "euskarazko jarduna bultzatuko da" eta jendea eroso sentituko da euskaraz hizketan "nahiz eta agian behar bezala ez menperatu".

Aldundiak Euskaraldia antolatzeko atzo ekin zuen bidean zehar hainbat urrats emango ditu: hasteko, departamentuz departamentu talde eragileak sortuko ditu, hizkun-tza ohituretan eragiteko asmoz jaiotako ekimena behar bezala egiteko. Jarraian, kanpo eta barne ariguneak identifikatuko dituzte eta langileen adostasuna lortutakoan, talde horiek aktibatzeko neurriak hartuko dituzte.

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra Euskaraldiaren ariketa egingo dute eta amaitzen denean, balorazioa jaso eta hizkuntza ohitura berri hauek Aldundian egonkortzeko mekanismoak aztertuko dira. "Euskaraldiaren antolamenduak inplikazio zuzen eta argia eska-tzen digu Foru Aldundiko kide guztioi, bereziki ardura politiko bat dugunoi, eta horrela egingo dugu", baieztatu zuen Mendozak.

Gaineratu zuenez, ekimen honek "indar" eta "ilusio" kolektibo berria piztu zuen duela bi urte euskararen biziberritzearen esparruan. Mendozaren iritziz Euskaraldia tresna "berritzaile" bat da, lankidetzan oinarrituz herritarren hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabileran "urrats bat aurrera" egiteko balio duena.

Aurten ospatuko den Euskaraldiak hainbat berrikuntza izango ditu eta hamaika egun iraun beharrean hamabost izango ditu.