Duela hamabost urte bezala, joan den udan maskaradak prestatzen hasi ziren eta aurreko igandean, hilak 9, lehen agerraldia eskaini zuten herrian bertan. Mendeetako ohiturari jarraituz, goizetan barrikadak egiten dituzte auzoz auzo ibiliz dantzan. Herritarrek harrera beroa egin ohi diete gazteei janaria eta edariak eskainiz. Eguerdian elkarrekin bazkaldu ondoren, maskaraden ikusgarri nagusia eskaintzen dute 15.30 aldera. Apirilaren 26a arte, ia igandero herriz herri ibiliko dira Zuberoko dan-tzariak eta pertsonai ezagunak, hauen artean, Pitxu, Kabana Handia, Kerestüak edota Buhameak. Herenegun Irurin agertu ziren, eta datorren igandean, Ezpeizen. Ekarpen kulturalaz gain, herritarren artean loturak sortu eta sendo-tzeko balio dute maskaradek zuberotar askok urrun ikasi eta lan egiten dutelako. Euskara sustatzen laguntzen dute ere inauteri horiek. Bestaz gain, salaketak egiteko balio dute maskaradek eta aurten gogoan dituzte martxoaren 15 eta 22an Ipar Euskal Herrian ospatuko diren udal hauteskundeak.

Aritz Ibañez Lusarreta kazetari eta dantzari iruindarrak Zuberoko maskaradei buruzko xehetasunak argitaratu ohi ditu dantza.eus atarian. Manexen gidaz gain, Zuberoaren giltza nagusiak ulertzeko, 1901etik Zuberoan egindako maskarada gehienen zerrenda osatu du nafarrak. Zerrendak argi erakusten du geldialdia izan zela Mundu Lehen eta Bigarren Gerren garaian, baina larogeiko hamarkadatik loraldia bizi duela ohitura honek urtero herri batek bere gain hartzen baitu antolakuntza.

Zuberoa bizirik Euskal Herriko lurralde txikienak zahartzen eta biztanleak galtzen segitzen du. Azken bost urteetan 250 biztanle pasa galdu ditu Zuberoak. Gaur egun, hamahiru mila lagun bizi dira Basabürüa eta Pettarra eskualdeak biltzen dituen lurraldean. Dena den, bizitasun handia erakusten dute zuberotarrek. Ezpartingintza eta nekazaritzaz gain aeronautika sailean sartu dira buru belarri hainbat enpresari. Mota guztietako ekimen asko egiten dute urte osoan herrian bizi eta lan egiteko, eta horren oihartzuna zabaltzen du egunero mundo osora Xiberoko Botza eskualdeko euskarazko irratiak.

Neguan maskaradak eta udan pastoralak, erdi arotik datozen herri antzerkiak eskaintzen dituzte Zuberoan. Jean Louis Davant euskaltzainak idatzitako Abdelkader pastorala eskainiko dute Urruxtoi Larrabilen uztailaren 26 eta abuztuaren 2an.