donostia - Datozen egunotan, Gipuzkoako Foru Aldundia mankomunitateekin eta hondakin industrialak (ez arriskutsuak) sortzen dituzten eragile eta enpresekin bilduko da, egoera aztertzeko zabortegien faltan. Izan ere, orain arte, hondakin horiek Zaldibarren, Epelen eta Mutiloan metatzen ziren, baina Zaldibarrera ezin dituzte eraman bertan gertatutako luiziaren ondoren. Epelekoa beteta dago eta ixteko zain eta Mutiloakoa datozen asteotan itxiko dute.

Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatuak, José Ignacio Asensiok, datorren astean jarri nahi du harremanetan kaltetutako elkarte eta eragile ekonomikoekin. Gipuzkoako Foru Aldundiak gai honetan eskumenik ez duela nabarmendu zuen atzo, baina arazoak eragina izan dezakeela ingurumenean eta erantzuteko beharra dagoela esan zuen. Eragile eta entitateengandik biltzeko eskaerak jaso dituztela ere esan zuen.

“Gipuzkoak benetako arazoa dauka hondakin industrial ez arrisku-tsuekin; ingurumenarekiko eraginak dituen arazoa da, eta ondorio ekonomikoak eta enpleguari dagozkionak ere ekar ditzakeen arazoa da”, esan zuen Asensiok atzo. “Lurraldeari dagokion arazoa dugu eta guztiok, gure konpetentzien eta ahalbideen arabera, gure aldetik egin behar dugu konponbidea bilatzeko”, gaineratu zuen Ingurumen diputatuak.

Hala, Foru Aldundiak enpresei deialdia astelehenean egitea aurreikusten du, Eusko Jaurlaritzari jakinarazi ondoren. Honi bere berri emango dio ekintzak koordinatzeko eta planteatutako arazoaren konponbideetan lankidetzan aritzeko. Hondakinen bolumena eta hondakin horien tratamendu espezifikorako beharrak aztertzeko balioko du bilerak. Alternatiba posibleak ikertuko dituzte eta entitate eskudunekin elkarlana eta elkarrizketak baliabidetu nahi dituzte, erantzun koordinatu bat eskaintzeko asmoz. - N.G.