Donostia - Emakunde, Osakidetza eta Osasun Sailaren arabera, Euskadin emakumeen genitalen mutilazioaren prebentziorako lan esparruan hartutako prebentzio neurriak eraginkorrak dira. "Balorazio positiboa egin zaio arriskuan dauden nesken familiei, jatorrizko herrialdeetara oporretan irten aurretik, osasun zentroetan sinatzeko ematen zaien Prebentziozko Konpromisoa dokumentuari. Agiri horrek nolabait ere bermatzen du neska eta emakume gazteak mutilatu gabe itzuliko direla Euskadira oporretatik etortzean", berretsi dute.

Osakidetzak emakumeen genitalen 129 mutilazio erregistratu ditu azken bi urteetan, 67 kasu 2018an eta 2019an, 62; guztiak, migrazioaren aurretik egindakoak. Hauen guztien artean, ez da erregistratu opor-garaian edo bisitan jatorrizko herrialdera joatean egindako mutilazio kasurik.

Gaurko Emakumeen Mutilazio Genitalaren aurreko Tolerantzia ezaren Nazioarteko egunarekin bat, aipatutako datuez gainera, Euskadin ematen ari diren aurrerapausoak azaleratu dira. Lehenengo urratsa, EAEko EGMren egoeraren diagnostiko bat egitea izan zen, ostera Euskadiko osasun sisteman mundu mailako arazo hau hobekien kudeatu ahal izateko jardunen liburua argitaratzeko. Halaber, Hezkuntza Sailak, gaiaren inguruko beste gida bat aurkeztu zuen. Bi argitalpenetan ablazioa egiten duten herrialdeetatik datozen emakumeak artatzen dituzten profesionalentzat bideratutako gomendioak daude, esku-hartze guztietan, herri komunitate eta familien estigmatizazioa ekidin behar direla azpimarratuz.

EAEn EGMren prebentziozko esku-hartzea alde guztien parte-hartze eta koordinazioaren esku dago, hots, osasun, hezkuntza eta gizarte zerbitzuen arloko profesional eta migratzaileen elkarteen, EGM egiten duten lurraldeetatik datozen etorkinekin lan egiten duten erakundeen eta elkarte mugimenduaren esku.

"Behar-beharrezkoa da gizarte prebentzioko lana egitea komunitateekin eta komunitateetatik, komunitate horietako pertsonek euren erremintak sor ditzaten, errurik bota gabe eta estigmatizaziorik gabe, eta emakumeak ahalduntzea izanik esku-hartzearen ardatzetako bat", azaldu dute Osakidetzak, Osasun Sailak eta Emakundek.

Letra lodiz idatzita dagoen kantitate hau mundu osoko ablazio biktimekin bat dator. Baina horietako bakoitzak jasan behar dituen ondorioei erreparatuz gero, litekeena da kopuru horren atzean bilioika arazo fisiko larri egotea.

Alderdi psikologikoari dagokionez, neska askoren kasuan mutilazio genitalak betirako marka uzten du.