donostia - Landarlan eta Eguzki kolektiboen salaketen "interes politikoa" salatu zuen atzo Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak Aralarko Parke Naturalean pistak eraikitzeagatik eta Mendietako eta Ingurumeneko foru zuzendaritzek egindako "lan bikaina" babestu zuen.

Asensiok eta Ingurumen foru zuzendari Monica Pedreirak deklaratu egin behar izan zuten Tolosako epaitegian, instrukzio fasean dagoen Aralarren mendi pista bat eraikitzeagatik irekitako prozesu judizialean. Asensiok kazetariei azaldu zienez, foru ordezkariak "harrituta gaude zigor prozedura batean gaudelako, administrazio prozeduran inolako helegiterik aurkeztu ez zenean".

Bere iritziz, salatzaileen "inten-tzionalitate politikoa" oso argia da, "pertsona jakin batzuei, alkate, zinegotzi, Aldundiko zuzendariei eta Ingurumen diputatuari berari kalte egiteko ahaleginean", esan zuen.

Mendietako eta Ingurumeneko foru zuzendaritzetako taldeak babestu zituen, "beti bezala, akatsik gabeko lan bikaina egin dutelako; eta egoera honi aurre egin behar izatea, egia esan, nahiko tamalgarria da".

"Salatzaileen interesa ez da, argi eta garbi, ingurumenaren defentsa", esan ostean, diputatuak azpimarratu zuen administrazioarekiko auzien bidea aukeratu izan balute "baliabide nahikoak izango zituzten lanak geldiarazteko, benetan asmoa hori baldin bazen, eta ez da horrela izan".

salaketa Landarlan eta Eguzki kolektiboek, berriz, salatu zuten ia 20 kilometroko pista sare bat "proiektu txikitan banatu dutela, Ingurumen-legedia saihesteko"; eta Aranzadi Zientzia Elkarteak "Aldundian egindako txosten zientifiko batean argi adierazi zuela itzulerarik gabeko kalte larriak izango zirela". Baita ere aipatu zuten, pistak Parke Naturalean eraiki direla, "lur mugimenduak egitea debekatuta dagoen eremuan".

Ildo horretan jarraituz, lehen pistaren auzia epaitegian egonda, Gipuzkoako Diputazioak "bigarren pista eraikitzeko baimena eman" zuela salatu zuten, "nahiz eta hainbat elkartek, Mendi Federazioak, Aranzadik eta Eusko Jaurlaritzak proiektuaren aurkako helegiteak aurkeztu".

Landarlanek eta Eguzkik "inpotentzia eta frustrazioa" adierazi zuten, "Aralar babesteko ardura duen Gipuzkoako Aldundia legedian edozein zirrikitu bilatzen aritzen delako gutxi batzuen interesen alde, gipuzkoar guztion ondarea eta interesak zaindu eta babestu beharrean".

Gainera, euren salaketaren intentzionalitate politikoaren salaketen inguruan, "inongo alderdi politikoren babesik" ez dutela ziurtatu zuten.

"Helburu nagusia natur ondarea babestea da, eta eremu horietan garatzen diren jarduera guztiek bateragarriak izan behar dute helburu horrekin. Beraz, artzainen etorkizuna bermatu nahi bada, erabiltzaileen eta kontserbazioaren arteko oreka bilatu beharko da; baina, tamalez, agintariek orain arte erakutsitako gaitasun faltak ez du oreka hori ahalbidetu", ziurtatu zuten bi kolektiboek. - M. Tolosa