donostia - 2019an 3,8 milioi turistak bisitatu zuten Euskadi, 2018an baino 120.000 gehiago, atzo Sonia Perez Turismo, Merkataritza eta Kon-tsumoko sailburuak jakinarazi zuenez. Hartara, %3,2ko hazkundea izan zuen, desestazionalizaziorako joera erakutsiz: uztailean %1,25koa eta abuztuan %0,17koa izan zen horretan, otsaila, iraila edo urrian, %5etik gora egin zuen turismoak EAEko hiru herrialdeetan. Eta begirada azken hiru urteetan jarriz gero, %12,08ko gorakada izan zuen 2019ak 2016arekin alderatuta (baina %6,43koa uztaileko eta abuztuko hilabeteetan). Bestenaz, denbora-tarte berean okupazio-maila eta batez besteko egonaldia egonkor mantendu ziren: batez besteko egonaldia 1,95ekoa zen 2017an eta orain 2koa, eta %50koa izandako okupazio maila, %54ra iritsi zen 2019an.

"Hazkunde eutsia eta iraunkorra duen helmuga da Euskadi. Azken hamarkada honetan erakutsi egin dugu ahalmena dugula turismoaren industria bat eraikitzeko gure garapenean eran-tzukizunaren eta iraunkortasunaren horizontea galdu gabe", azaldu zuen atzo Sonia Perezek 2019ko balantzearen harira. Dena den, datuen atzean dauden xehetasun guztiak ez dira argitaratu oraindik, INEk ematen dituen aterpetxeetako eta kanpinetako aztarnarik ez dagoelako oraindik. Hortaz, hasieran aipatutako kopurua (3,8 milioi), atzo Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak azaleratu zuen estimazio bat da, Eustaten webean atzo 2019an EAE 3.441.967 lagunek bisitatu zutela jartzen baizuen (eta artikulu honetan plazaratutako datuak Perezek egindako balantzearekin bat datoz).

Hortaz, sailburuaren balantzearekin jarraituz, 2019an bertako turismoak (%58,8) bertakoa ez den turismoak (%41,2) baino indar handiagoa izan zuen betiko lez. Biek egin zuten gora, jatorriz Espainiakoak ez direnen kanpotarren kopuruan nabarmenagoa izanik joera aldaketa (%5,5eko igoera bertako turismoaren %1,8ko igoeraren kontra). Halaber, gau igarotzeei dagokienez, Euskadira bertaratu ziren pertsonen %46,8k Bizkaian igaro zuten gaua, %39,7k Gipuzkoan eta %13,5ek Araban. Azken honek bertako turisten portzentajerik handiena izan zuen (%72,3), bere atzetik Bizkaia (%59) eta Gipuzkoa (%53,8) kokatuz. 2019an turismoak sektore ekonomikoan izan zuen eraginari erreparatuz, BPGaren %6,1 suposatu zuen, edo berdina dena, ia 107.000 enplegu eta guztizkoaren %11. "Ahalmen handiko sektorea da, dagoeneko aberastasun ekonomiko eta kultural handia ekartzen ari zaiona gure herrialdeari. Datu hauekin planteatzen ari garen helburua da lanean jarraitzea desestazionalizazioaren eta gure bisitarien fidelizazioaren alde, turismoaren herrialdearentzat itzulketa ekonomikoa gehitzearren, bai jarduerari bai enpleguari dagokionez", adierazi zuen Perez sailburuak.

EUSTATEKO DATUAK Arestian aipatu bezala, Eustaten arabera, 3,4 milioi pertsonak bisitatu zuten EAE 2019an, 2018an baino %3,58 gehiago. Era berean, pasa den astean argitaratutako hotel-establezimenduen sarreren harira, 3.184.904 bisitari-sarrera egon zirela aipatu zen. Baina kasu honetan, hotel-establezimenduetako sarrerak baino ez ziren kontuan hartu.

Eta azken honetan plazaratutako datuekin jarraituz, Euskadiko ostatuetan gaua igarotzeko 93,4 euro ordaindu behar izan ziren batez beste, 2018an baino %3,2 gehiago: Gipuzkoa izan zen garestiena (109,67 euro), tartean Bizkaia (85,82 euro) eta Araba merkeena (72,44 euro). - Unai Gonzalez