Arbel fisikoak, klera, arkatzak edo ikasliburuak beti egon dira eskolen irudiarekin lotuta. Hala ere, egun gizartean bizitzen ari garen trantsizio digitalak hezkuntzan aldaketa sakonak ekarri ditu. Iraganeko arbel berdeen ordez, adibidez, arbel digital interaktiboak zintzilikaturik daude ikastetxeetako paretetan, eta ordenagailu eramangarriek liburuen tokia hartu dute.

Euskadiko hezkuntza sistemak 2010ean ireki zizkion ikasgelen ateak teknologia berriei. Eusko Jaurlaritzak sustatutako Eskola 2.0 Programak aurrerapauso handia suposatu zuen paperean guztiz oinarrituta zegoen ikaskuntza eta irakaskuntza metodologiak garai berrietara eguneratzeko. Besteak beste, ohiko ikasgelak ikasgela digital bilakatzeko asmoa zuen programak, hezkuntzan Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologia berriak (IKT) ezarriz. Horretarako, Jaurlaritzak ikastresna eta ekipamendu teknologikoak erosteko baliabide ekonomikoak ikastetxeen eskura jarri zituen.

Egun, irakasgai andana era digitalean lantzen badira ere, Euskadiko ikasgelek digitalizazioaren bidean jarraitzen dute oraindik. Eusko Jaurlaritzak egindako IKTen inguruko azken inkestaren arabera, 2016-2017 ikasturtean erkidegoko ikastetxe publiko zein pribatuen artean soilik %24k zituzten ikasgela informatizatuak; hots, irakaslearentzako eta ikasleentzako elkarrekin lotutako ordenagailuak, arbel digitala eta interneteko sarbidearekin gutxienez hornitutako gelak. Ordenagailuen kopurua urtero handituz joan den arren, irakasleen %65 bakarrik zuten informatika ezaguera ertaina gutxienez.

Garai berrietara egokitzen ari diren ikastetxe horien eredu da, hain zuzen, Hondarribiko Talaia eskola. 2017an argitaratutako txosten batean, Gipuzkoako zentroak ikasketak eta barne-komunikazioa “ahalik eta era digitalean” egiteko konpromezua adierazten zuen. Ordutik, hirugarren mailatik seigarrenera doazen Lehen Hezkuntzako ikasleek gutxienez bi arlo digitalki lantzen dituzte.

Gurasoen eta eskolaren arteko harremanari dagokionez, betidanik paperean egindako komunikazioa baliabide digitalekin kudeatzen hasi dira Talaian. Besteak beste, 2016- 2017 ikasturtetik familiek eskolako e-posta bat dute lehenengo harremanak eta informe banaketak bertatik egiteko. Era berean, irakasle zein familia guztiek, Moodle plataformara sartzeko aukera dute, bertan eskolako informazio garrantzitsuena kontsulta dezaten.

EKI proiektua Ikastolen Elkarteak ere urteak daramatza IKT alorrean bere ibilbidea ehuntzen. Ikaslearen bizitza guztirako baliagarri izango dituen oinarrizko baliabide teknologikoak eskaintzeko helburuarekin, erakundeak hainbat egitasmo propio ditu martxan. Nabarmentzekoak dira IKAPP eduki kudeatzailea, kalitatezko web korporatiboak eta intranetak sortzeko prestaturik dagoena, edo Hatz10 mekanografia ikasteko programa, euskara eta euskal kulturan oinarritutakoa. Era berean, Euskal Herriko ikastetxe gehienetan zabalduta dagoen Moodle plataforma ikastolen beharretara moldatuta dute.

Hala ere, pedagogia 3.0 deritzon prozesuan EKI proiektuak du pisu gehien Ikastolen Elkarteko zentroetan. Ikaselkar argiteletxearen batera eraikia, ikasmaterialetan konpetentzia digitalak integratzeko helburua du egitasmoak. Besteak beste, LH4tik DBH4rako ikasleek zortzi ikasarloetan guztiz digitalak diren materialak dituzte.

Aurrematrikulazioa Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, aurtengo ikasturtean 396.000 ikasle inguru matrikulatu dira Euskadiko ikastetxe desberdinetan, Haur Hezkuntzatik Batxilergora. Horietatik, erdiak baino gehiagok (%53) eskola publikoetan eman dute izena eta oro har, D ereduan haztea erabaki dute gehienek (%65). Gipuzkoari dagokionez, 2019-2020 ikasturtean 136.000 ikasle daude matrikulatuta eta erkidegoko datuekin alderatuta, D eredua jaun eta jabe da lurraldean (ia %80).

2020-2021eko ikasturteari begira, astelehen honetan zabalduko da Haur Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eskoletan aurrematrikulatzeko epea. Eskabideak eta egiaztagiriak aurkezteko bi modu izango dira: Internet bidez edo aukeratutako lehenengo ikastetxera hurbilduz. Prozesua online eginez gero, otsailaren 6a izango da aurrematrikula egiteko azkeneko eguna eta zentroetan eginez gero, berriz, 7a.

Maite Alonso Hezkuntzako sailburuordeak pasa den asteazkenean adierazi zuenez, iazko kanpainan ikasleen %97 hautaketan lehenetsitako eskolan ari dira ikasten orain. Iaz bezala, aurten ere informazio eta orientazio puntuak egongo dira prozesuaren nondik-norakoak azaltzeko. Gipuzkoan Arrasaten egongo da kokatuta.

Behin epea itxita, otsailaren 25ean argitaratuko da eskatzaileen zerrenda. Plazen esleipenen behin-behineko zerrenda, berriz, martxoaren 17an jakinaraziko da eta erreklamazioen epea ireki ondoren, behin-betiko zerrenda martxoaren 31n argitaratzea aurreikusten du Jaurlaritzak.